Lur Anitz Fest, "adiskidetasun berriak" sortzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 7a, 10:43

Egubakoitzetik domekara egin zuten Eskoriatzan, Gaylur Euskadi elkarteak antolatuta. Hiriguneetatik herriguneetara egin nahi izan dute jauzi, LGTBIQ+ kolektiboaren "ikusgarritasuna" bermatzeko.

Duela urte eta erdi inguru sortu zen Gaylur Euskadi elkartea, eta urteurrena ospatzeko jaialdia egin dute asteburuan Eskoriatzan, elkartekideen hitzetan, "adiskidetasun berriak sortzeko, sexu-orientazio guztiak elkartzeko eta bazterrean inor ez usteko". Hori aintzat hartuta, bada, Bakardadea LGTBIQ+ kolektiboan hitzaldia egin zuten egubakoitzean, eta horren zergatiaren berri eman du Jonathan Galan eskoriatzarrak, Gaylur Euskadi elkarteko lehendakariak: "Hasieran, mendiko irteerak egiten hasi ginen, LGTBIko kolektiboan bakardade asko zeudela uste bainuen eta jendea elkartu beharra zegoela; hiruzpalau hilabeteren ondoren ikusi genuen beste aktibitate batzuk egiteko gogoz zegoela jendea".

Haren hitzetan, lauzpabost lagun elkartu ziren hasieran, baina, gaur-gaurkoz, 230 pertsonak osatzen dute Whatsapp taldea. Orduz geroztik, ekintza ugari egin dituzte, eta tartean da urteurrena: "Eztabaidatzen hasi ginen ea zer egin urteurrenean, bazkari bat eta hitzaldi bat nahikoa zelakoan, eta gerora erabaki genuen herri txiki batera jotzea, beti joaten bagara hirietara horrelako ekintzak egitera; hala, Eskoriatzan egitea erabaki genuen".

Herriguneetara jauzia

Hirietatik, beraz, herriguneetara ekarri nahi izan dute jaialdia, eta erabaki horren xehetasun gehiago eman ditu Unai Burciok, Gaylur Euskadi elkarteko zuzendaritzako kideak: "Honen helburua, azken batean, LGTBIQ+ kolektiboari ikusgarritasuna ematea da: mota honetako jaialdiak hiriburuetara zuzentzen edo mugatzen dira, eta herri txikietan edo nekazal-guneetan momentuz ez dira egin. LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna bermatu nahi dugu hiriburuak ez diren lekuetan".

Era berean, azpimarratu du "jaialdi zabal bat" egin nahi izan dutela, "denentzako" izango dena, "guztiek" parte hartzeko aukera izan dezaten eta harremanak sor daitezen, erantsi baitu euren elkartetik "aktibismoa egin arren, pisu gehiago eman nahi diotela adiskidetasunak sortzeari".

Erlazionatuak

Lur Anitz Fest jaialdia ospatzen dabiltza Eskoriatzan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria urr 05 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak