Hiru egunez musika eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izan dute Eskoriatzan, Errekan Gora jaialdiari esker. Atxorrotx Kultur Elkartea arduratzen da jaialdiaren kudeaketaz, Udalaren eta herriko enpresa ezberdinen laguntzarekin. Hamaseigarren edizio honetan, duela hiru urte hasitako formatua mantendu eta zortzi emanaldi antolatu zituzten asteburu osoan zehar. The Clayton aramaioarrek eta Unidad Alavesak jo zuten kontzertua egubakoitzean. Zapatuan berriz, Ibil Bedi, Eskoriatzako Gorosarri eta Arrasateko Lore Gazteak dantza taldeak, John Dealer And The Coconuts eta DJ Loro izan ziren, eta amaitzeko, domekan, Demode Quartet eta Garratz arrasatearrak igo ziren oholtza gainera.
Eskoriatzarrak ez ezik, inguruko hainbat pertsona hurbildu ziren jaialdiak irauten zituen hiru egunetan. Pozez hartu du hau Dorleta Kortazarrek, Atxorrotx Kultur Elkarteko kideak: "Alde batetik, herriko jendea biltzen da, baina, era berean, kanpotik jendea hurbiltzen dela konturatu gara. Talde hauek beraien zaleak eta beraien inguruko jendea erakartzen dute, musika zaleak ere bai. Alde horretatik, oso polita da herriko plazan kanpoko jendea eta herriko jendea, nahastuta, musikaz gozatzen ikustea".
Zailtasunak gaindituz
Hainbat zailtasunei aurre egin behar izan diete aurtengo jaialdian. Alde batetik, eguraldi iragarpenen eraginez, azken orduko hainbat aldaketa egitera behartuak ikusi ziren antolakuntzako kideak, kontzertuen kokapen eta ordutegietan moldaketak eginaz. Bestalde, Idoia Asurmendi abeslari aramaioarraren zapatuko emanaldia bertan behera utzi beharra izan zuten, honek "afonia larri" bat zuelako. DJ Loro izan zen honen ordezkoa. Hala ere, jaialdiaren balorazio positiboa egiten du Kortazarrek: "Oso balorazio positiboa egiten dugu orokorrean. Oso kontzertu onak egon dira, kalitate handikoak. Talde potenteak etorri dira, eta jendeak ere erantzun du".
Herriko dantzen emanaldia
Emanaldi guztiak gustatu arren, Gorosarri eta Lore Gazteaken ikuskizuna nabarmendu nahi izan du Kortazarrek: "Eskoriatzako dantza taldeak Arrasateko Lore Gazteak dantza taldearekin eman zuen ikuskizuna oso polita izan zen. Proposamen xume bezain polita. Azken urteetan indarra galtzen joan den herriko dantza taldea berriro indartsu eta horren polit ikusteak ilusio handia egin zigun, eta esango nuke herriak ere eskertu zuela".