Omenaldi beroa eta xumea egin diote Leire Ratori

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ira. 15a, 16:11

Eskoriatzako Zaldibar aretoa bete egin da Atama Kenpo talde kide zena oroitzeko; abuztuaren 30ean moto-istripu baten ondorioz hil zen. Emozioz beteriko mmenaldian izan dira senitartekoak, lagunak eta taldekideak.

Pasa den abuztuaren 30ean moto-istripuz hil zen Leire Rato eskoriatzarra Ramon Larios lagunarekin batera. Heriotzak atsekabe handia eragin zuen herrian, baina batez ere, bera kide zen Atama Kenpo karate taldean. Hala, gaur omenaldi beroa egin diote beteta egon den Zaldibar antzokian.

Bertan izan dira, senitartekoak, lagunak eta taldekide izan dituenak, denak emozioz beterik. Rafa Carriet bere entrenatzaileak hartu du lehenengo hitza eta ondoren, estatu mailako lehiakide eta taldeek bidalitako mezuekin osatutako bideo bat jarri dute. Ondoren Leireri berari egindako bideo bat proiektatu dute eta aurreskuarekin agurtu dute.

Ekitaldi amaieran senitartekoek plaka bat jaso dute Ratoren oroimenez, eta, hitzartzeak ere izan dira. "Bihotzak eskatzen ziguna egin dugu. Gero arte bat eman behar genion. Ez dugu ahaztuko guretzat izan dena, ezta orain daukagun mina ere, baina aurrera egiteko pauso bat izan da" adierazi du Rafa Carriet entrenatzaileak

Taldekideen agurra

Omenaldian zehar behin baino gehiagotan azpimarratu dute Atama taldea "familia" bat dela eta berekin entrenatzen ibili direnak Ratok utzitako legatua azpimarratzen dute. "Jende askorentzat bere ispilua zen Leire. Egunerokotasunean eta entrenatzen ehuneko ehuna ematen zuen pertsona zen, oso berezia guretzat. Zulo ikaragarria utzi du" azpimarratu du Jose Ignaco Garcia "Mondra" taldekideak.

Argitxu Zubillagak ere urte eta ordu asko igaro ditu berarekin. Malkoari eutsi ezinda gogoratu du taldeko emakumeentzat zuen garrantzia: "Ez gaude emakume asko horrelako arte martzialetan eta oso neska indartsua izan da beti. Nesken aurka egin edo mutilen aurka ez zuen beldurrik, eta gu ere hemen gaudela erakusten zuen, eta aurrera egin behar dugula. Erreferente izan da, baina orain modu berezi batean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak