Badator Errekan Gora musika jaialdiaren hamaseigarren aldia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko ira. 3a, 16:42

Zortzi emanaldi izango dira guztira hiru egunetan zehar, dohainik; era horretan, antolatzaileen hitzetan, "abanikoa zabaldu" eta egitarau "oparoa" antolatu dute.

Orain dela hiru urte abiatu zuten formatuari segida emanez, irailaren 20tik 22ra egingo dute aurten Errekan Gora musika jaialdia. Hamaseigarrena izango da, eta, orain arte moduan, Atxorrotx Kultur Elkarteak du kudeaketaren pisu nagusia, Udalaren eta herriko askotariko enpresen laguntza eta babesa badu ere. "Egubakoitzean hasiko da eta igande arratsaldera arte kontzertuak egongo dira; aurten berrikuntza bezala beste eszenatoki bat gehitu dugu: Inkernu kanpoan jarriko dugu. Herriko Plazan beste bat egongo da, eta guztira zortzi emanaldi egongo dira. Aurten jauzi kuantitatibo bat eman dugu, eta uste dut abanikoa zabaldu dugula eta nahiko egitarau oparoa gelditu dela", adierazi du Iñaki Kortazarrek, Atxorrotx Kultur Elkarteko kideak.

Pasa den zapatuan, abuztuaren 31n, egin zuten aldi berriaren aurkezpena Maniaks taldea gonbidatuta. Eguraldiak hala baldintzatuta, Inkernu tabernaren barruan egin zuen Arrasateko taldeak kontzertua.

Zortzi emanaldi

Hiru egunetan egingo dute jaialdia, eta zortzi emanaldi antolatu dituzte guztira: "The Clayton-ek irekiko du, eta Unidad Alavesa arituko da gauean. Larunbatean, Ibil Bedi arituko da Herriko Plazan, eta arratsaldean Gorosarri dantza taldeko beteranoek dantza saioa egingo dute Lore Gazteak-eko beteranoekin batera, 50.urteurrena ospatzeko asmoarekin; arratsaldean, berriz, John Dealer-ek joko du, eta gauean Idoia Asurmendi izango da eszenatokian. Igandean plazako agertokian izango dira emanaldiak: Demode Quartet eta Garratz".

Musika izango da, beraz, jaialdiaren osagai nagusia, berezitasunik ere baden arren: "Beti saiatzen gara zerbait ezberdina sartzen, urtero ekartzen dugu Brass Band, eta kaleetatik gune horrek pixka bat zabaltzea gustatzen zaigu, eta aurten guneak zabaltzea baino gehiago beste formatu bat: musika izan beharrean, dantza. Orain dela urte batzuk probatu genuen formatua eta gustukoa izan zen. Orain, beraz, herriko dantza talde bat izanda, badakigu jendea erakarriko duela".

Emanaldi guztiak dohainik izango dira eta publiko guztiarentzako zabalik daudela azaldu dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak