Beste urte batez, Eskoriatzako Ferixie antolatu du Arizmendi ikastolak. Azokak hartu du zentraltasun handia bertan. 83 nekazari eta artisauk jarri zuten postua, horietatik 26 ziren eskoriatzarrak. Horrez gain, musika eta dantzak ere ugariak izan ziren. Besteak beste, txistulariak, trikitilariak, Eskoriatzako dantza taldea eta Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagaren erromeria izan ziren ikusgai.
Haurrek ere eskaintza zabala izan zuten bertan. Haur eta gazteentzako tailer eta puzgarriez gain, XV. txorimalo lehiaketa eta XI. txapel jaurtiketa txapelketa antolatu zuten. Bestelako ekimenak ere izan ziren, XIV. gazta dastaketa eta txapelketa eta Mikel Lasarteren Ikusgarri erakustaldia, besteak beste.
Hilabeteak zihoazen ikastolako ikasle, profesional eta familiak ferixia auzolanean antolatzen. Egunean bertan ere 150 pertsona inguru ibili ziren boluntario lanetan.
Argazki erakusketa
Ferixiarekin batera, Nara Dominguez argazkilari eskoriatzarrak Lanederra! izenpean argazki erakusketa jarri zuen. Bailarako hainbat nekazari eta artisauren argazkiz osatzen da erakusketa, eta Euskal Herriaren kultura eta tradizioaren parte izan diren eta oraindik indarrean dauden lanen historia erakutsi nahi izan du.