Mario Padilla Maguregi txistularia, Eskoriatzako txistularien "maisua", hil zen atzo, 95 urte zituela. "Erreferente zuzena eta aita pontekoa" izan da txistulari eskoriatzar askorendako Padilla, 2019ko sanpedrotako pregoian nabarmendu zuten bezala. Haien hitzetan, herritar ugarik ikasi zuen harekin txistua jotzen, eta omenaldiak ere egin izan dizkiote; esaterako, ehun lagundik gora batu izan diren kalejirak. "Esker oneko hitzak baino ez ditugu", adierazi zuten orduko hartan Eskoriatzako txistulari taldekoek. Are gehiago, Mario izeneko pieza bat ere sortua du Eskoriatzako musika bandak haren omenez.
Txistularien harrobian ez ezik euskal dantzetan ere urrats ugari egin ditu Padillak, batik bat 1960ko hamarkadaren amaieran, Gorosarri Dantza Taldea sortu baitzuen. Eduardo Gorosarri konpositore eskoriatzarraren omenez jarri zioten, hain justu, dantza taldeari izen hori, Padillak Ahotsak.eus-eko elkarrizketa batean kontatutakoaren arabera. 1990eko hamarkadaren bukaeran, bertan behera gelditu zen, 2018an plazetara itzultzea erdietsi zuten arren.