Gaur egun, hamalau kide inguruk osatzen dute Eskoriatzako txistulari taldea, eta eurak izango dira, hain zuzen, aurtengo pregoia botako dutenak. Erabakiaren berri izan zutenean "ohorea eta plazera" sentitu zutela azaldu du taldeko Jota Arrietak: "Eskoriatzako herriak gure lana baloratzen duela sentitu dugu".
Talde moduan, eta omenaldia aurten iritsi den arren, herrian betidanik izan diren txistulari guztiei zuzendutako keinua izatea nahiko lukete: "Herriko txistulari guztiei eskaini nahi diegu pregoia, egun talde formal bezala egituratuta gauden arren, Eskoriatzan txistua jo duten guztiak omendu nahiko genituzke: izandakoei, egun gabiltzanoi eta etorriko direnei".
Taldeko kide gehienek ezaugarri bera partekatzen dutela azaldu dute: "Oso gaztetan hasi ginen jotzen, eta, zenbait urtez eszedentziak hartu ditugun arren, umeak izan ditugulako edo, denak bueltatu gara txistura". Etorkizunaz galdetuta kezkatuta agertu dira, eta adierazi dutenez, "orain ez dugu gazte askorik taldean, ia denak guraso izandakoak gara. Herriko haurrek txistua ezagutu eta jotzen ikas dezatela bultzatu beharko litzateke, tradizioa bizirik mantendu dadin".
Dena den, itxaropentsu daude eta, batez ere, gogotsu San Pedro jaiei hasiera emateko: "Ez genuen espero pregoilari izendatzea eta oraindik ez dakigu nola egingo dugun, nork hitz egingo duen edo zenbat igoko garen. Protokoloan ez gara oso adituak, guk txistua jotzen dugu, eta, hortaz, denak igoko gara balkoira, hori da intentzioa". Konpromiso ugari izaten dituztela dio: "Askotan kexatzen gara lan handi izaten dugulako, baina gustura joaten gara, gure afizioa da".
Txistularien maisu
Bestalde, egungo txistulariek gogoan izan nahi dute Mario Padilla, hura ere txistulari taldeko kide izandakoa eta herriko txistularia izan zena: "Taldekide gehienok ikasi genuen Mariorekin txistua jotzen, hura izan zen Eskoriatzan txistularion maisu".
Kontatu dutenez, "gure erreferente zuzena eta aita ponteko da". Herritar ugarik ikasi zuten harekin txistua jotzen, eta horren adierazle dira Mario Padillari egindako omenaldiak: "Noizbehinka egin izan dugu kalejiraren bat Marioren omenez, eta ehun lagundik gora batu izan gara, denak harekin ikasi edo ibilitakoak. Esker oneko hitzak baino ez ditugu".