Aurten, lehenengoz, Eskoriatzako Gorosarri Dantza Taldea Arrasaten egindako Debagoieneko Dantzari Egunean izan da. Izan ere, Eskoriatzako Beheko Errota musika eskolan dantzak ikasten diharduen helduen taldeko kideak Gorosarri Dantza Taldea ordezkatzen izan ziren. Hain zuzen ere, bi belaunalditako dantzariak batu ziren bertan; guztira, herriko hamar dantzari.
Zaletasuna suspertzen
Eskoriatzan, 60ko hamarkada bukaeran, Mario Padillak Gorosarri Dantza Taldea sortu zuen; lehenengo emanaldia 1966an egin zuen taldeak, herriko plazan, eta urte luzez herri batetik bestera aritu ziren Eskoriatzako dantzariak. 90eko hamarkadaren bukaeran, dantza taldea antolatzeko erreleborik ez zegoela ikusita, taldea bertan behera geratu zen.
Duela 20 bat urte, herrian dantzarako zaletasuna suspertzeko helburuarekin, Udalak Beheko Errota musika eskolari dantza eskolak emateko eskatu zion, eta azken urteetan asko izan dira bertatik pasa diren haur eta gaztetxoak. Helduak ez dira horrenbeste izan, baina azken urteetan indarra hartzen ari den jarduera da. Haur nahiz nagusiek herriko emanaldietan parte hartu izan dute, baina beste herri batzuetara ez dute jo izan. Hala, baina, 2018an Bailarako Dantzari Egunean parte hartu zuten lehenago ibilitako dantzari batzuek. Hura izen zen Gorosarri Dantza Taldea izena hartuta plazara salto egin zuten azkeneko urtea.
Ikasteko aukera
Dantza egiten ikasteko aukera ere ireki dute. Hain zuzen, musika eskolan datorren ikasturterako izena eman daiteke. Horretarako, Beheko Errota musika eskolara joan, 943-71 49 95 telefono-zenbakira deitu edo musikesko@hotmail.com helbidera idatzi daiteke.