Gazteen presentzia indartzeko eguna, gertu

Imanol Beloki Unamuno 2024ko api. 25a, 16:40

Gazte Eguna ospatuko dute zapatuan Eskoriatzan, Itzartu Gazte Asanbladak antolatuta. Jaiaren bigarren edizioa da, eta egun osoko programa antolatu dute; taldea eratu zenean ezarritako balioak transmititzeko eta ondo pasatzeko eguna izango da, besteak beste.

Itzartu Gazte Asanbladak antolatutako jaia egingo dute zapatuan, bigarren urtez, Eskoriatzan. Duela bi urte sortu zen taldea, gazteak kalera irteteko, elkarren artean ezagutzeko, elkartzeko eta herrian bertan geratzeko helburuarekin. Hala, lehenengo edizioak izandako arrakastarekin, helburu berarekin antolatu dute aurtengoa ere.

Balio ugari eta aldarrikapenak

Euskara, feminismoa eta gazteen presentzia izanda Itzartu Gazte Asanbladaren ardatza, oinarri horien araberako festa eguna gura dute izatea Gazte Eguna. "Taldea sortu zen herriko jende askok kanpora egiten zuela konturatu ginelako, gazteon artean ere ez ginelako askorik harremantzen, ezta elkar ezagutzen ere zenbait kasutan, eta taldea eratu genuenetik zenbait ekintza egin ditugu horren bueltan. Gazte Eguna izan da egindako ekintzetatik azpimarragarriena, eta nahi duten guztiak gonbidatuta daude egun eder horretaz disfrutatzera", adierazi du Leire Lezetak, Itzartu Gazte Asanbladako kideak.

Muralarekin logoa aurkeztu

Egitarauari erreparatuz, talde-lana sustatzeko mural-margotze parte-hartzailea egingo dute. Olaia Benito eskoriatzarrak diseinatutako marrazkia da egingo dutena, eta marrazkiaren erdigunean Itzartu Gazte Asanbladaren logoa izango dena geratuko da islatuta. Horma-irudia Santa Marinan egingo dute, euren lokalaren sarreran. "Bozetoa eginda dago, baina azken ukituak falta dira. Taldearen ideia nagusiak islatu nahi izan ditugu: gure indarra, gure balioak… muralean agertuko diren banderatxo batzuen bitartez. Eskoriatzako elementu batzuk ere izango ditu, erdian logoa, eta baita esaldi bat ere. Duela gutxi egin genuen logo berria, eta logo berria estreinatzeko hitzordua ere izango da", adierazi du Benitok.

Kontzertuekin lotuta

Ondoren, triki-poteoa egin eta bazkaria 15:00etan izango dute frontoian. "100 lagun inguru batuko gara. Esan beharra dago bazkaria Eskoriatzako komertzio batean eskatutakoa dela, herriko komertzioei ere balioa emateko", adierazi du Aitzol Zubizarretak, Itzartuko kideak. 20:00etan, kontzertuak izango dira: Oñatiko Lizartxo erromeria eta Oihu taldea, Eskoriatza eta Aretxabaletako musikariek osatutakoa. "Zapaturako eguraldi iragarpena ez da hain ona, eta asmoa da plazan jartzea eszenatokia. Hala ere, eguraldi txarra egiten badu, kontzejupean egingo ditugu kontzertuak, iaz moduan", azpimarratu du Zubizarretak. Amaitzeko, Inkernu tabernan pintxada kolektiboa izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, lekua dago musika jarri nahi duen edonork izena emateko. Horretarako, @itzartueskoitza Instagram kontura idatzi daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak