Fagor Ederlan enpresarentzako materiala garraiatzen ari zen Orixol Garraioak (TKV taldea) enpresako 25 urteko gizonezko langile bati zama gainera erori zitzaion pasa den martxoaren 13an eta, LABek jakinarazi duenez, "langilea hil egin da istripuak eragindako zauri larrien ondorioz". Heriotza honen aurrean, sindikatuak salatu du "2024an dagoeneko 18 langile" hil direla lan istripuetan eta "istripu arin eta larri kopuruen gorakada gogor bat" pairatzen ari dela gizartea. Gaineratu du garraioa dela "istripu larri eta hilgarrien intzidentzia oso altua pairatzen ari den sektoreetako bat", bertako langileek "trafikoko istripu traumatikoez gain arazo kardiobaskularrak modu nabarmenagoan" izaten dituztelako.
Era berean, garraiolariek "karga eta deskarga prozeduretan gertatzen diren istripuak" jasaten dituztela ere nabarmendu du LABek eta, hori dela eta, salatu du karga eta deskarga garraiolariei ez dagokien arren, enpresa askotan ez dela "segurtasun arau hau errespetatzen" eta "bitartekorik ez duen garraiolariari" uzten zaiola materiala manipulatzen. Horregatik, sindikatuak azpimarratu du "kontratek karga eta deskarga prozedurak garatu eta abian ipini behar dituztela, lan hauek egingo dituzten langileen arriskuak aurreikusi eta beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriz".
LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta EHNE-Etxaldek osatzen duten intersindikalak elkarretaratzea egingo du apirilaren 11n, eguenean, Markuleteko industrialdean, 11:00etan, "heriotza berri hau salatzeko".