Emakumeen salerosketatik bizirik atera zen ekintzaile errumaniarrak, bere bizipenak izan ditu hizpide, eta horrekin batera pornografiaz eta nerabeez aritu da berbetan.
"Emakumeen eta nesken esplotazio sexualaren gaia landuko dugu, eta Interneten bidez emakumeen harrapaketa zabaltzen denez, gure etxeetara iristen ari da ahalduntze eta askatasunaren izenean. Gaiaren ardatzera joango gara, nola eraiki den sistema hau, non emakumeak modu pribatuan edo publikoan jarri diren gizonen eskura, eta gaur egun ere hori nola indartzen den", adierazi zuen Tiganus-ek, hitzaldian.
Borroka feministaren eragina
Gaineratu zuen, borroka feministak pornografiaren kontra asko egin duen arren, gazteengan eragin behar dela. "Borroka feministari esker aurrerapen handiak lortu ditugu. Hala ere, gazteengan atzerapauso handia dagoela ikusten dugu argi eta garbi, gure gazteen hezkuntza sexual-afektiboa multinazional kriminal horren esku utzi dugulako, hau da, sexu-esplotazioaren industriaren esku. Pornografia, bideo-jokoak... erabiltzen dituen multinazionalaren esku, hain zuzen ere, gazteenen buruak kolonizatzeko eta baliabide guztiak erabiliz, sexu-indarkeria sexualitateagatik pasarazteko".
Eskoriatzako egitarauari erreparatuz, atzoko hitzaldiarekin batera, astean zehar beste zenbait ekintza ere izango dira.