Nelson Calderon 'kontu-kontari' ibili zen Eskoriatzan

Miren Arana Pagaldai 2024ko mar. 2a, 11:40

Otsailaren 15ean hasitako Ahoz Aho jaialdiak, geldialdia egin zuen egubakoitzean, Eskoriatzan; eta bertan izan zen Nelson Calderon kontalari kolonbiarra, Cuentos de amor y mal amor, propio duen lana, kontatzen.

Otsailaren 15ean hasi eta martxoaren 27arte luzatuko den edizioa izango da aurtengoa. May Gorostiagak zuzendutako Intujai teatroak, hamazazpigarrenez antolatu du ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia, Ahoz aho jaialdia, eta geldialdia egin zuen Eskoriatzan. Nelson Calderon kontalariak jaialdiko bere hirugarren saioa eskaini zuen atzo.

Lehenengoz izan zen Nelson Calderon Eskoriatzan, eta "gehien gustuko" duena egiteko aukera izan zuen bertan, kontuak kontatu. "Arkitektura ikasketak utzi nituen kontalari izateko. Umetatik kontatzen ditut kontuak eta ogibide bilakatu dut orain", dio kontalariak.

Propio idatzitako istorio eta kontuek osatzen duten Cuentos de amor y mal amor lana izan zuen hizpide Nelson Calderonek atzokoan, eta Zaldibar antzokian eman zuen saioa. Helduei eta nerabeei zuzenduriko kontuak izan ziren arren, baditu haurrentzako edo gaztetxoenentzako saioak ere: "tresna berdinak erabiltzen diren arren, ahotsa gorputza...gaia aldatu egin behar da batzuetan. Ezin diozu gauza bera kontatu hiru urteko haur bati edo hamar urteko bati, nahiz eta batzuetan egin daitekeen, batzuetan ipuin herrikoiek magia hori izaten baitute".

Munduko sehaska kantak

Ahozkotasunaren nazioarteko egunaren mezua, Juan Kruz Igerabide eta Berceurs du Temps-ek zabalduko dute aurten. Arrasaten ospatuko da eguna martxoaren 20ean, eta mundu osoko sehaska kantak entzuteko aukera egongo da. Izan ere, Berceurs du Temps konpania artistikoa, mundu osoko kulunka kantak biltzen ibili da azken urtean, honi esker, Arrasaten hizkuntza desberdinetan abestutako kantak entzuteko aukera egongo da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak