Aho batez onartu zituzten lizitazioaren baldintzak jasotzen dituzten dokumentuak, eta Udal Gobernuko kideak zein oposiziokoak pozik agertu ziren hartutako erabakiarekin.
Behin-behineko irtenbidea
Aurreko agintaldian zer esana eman zuen gaiak. Izan ere, gaizki ulertu batzuk izanda, jubilatuen taberna itxi egin zuten, kontratua etenda. Horrekin batera, zenbait herritar osoko bilkuran izan ziren, jubilatuen tabernari irtenbide bat emateko eskatzen. Hori horrela agintaldi honetan, berehalako irtenbidea eman zitzaion gaiari; pleguak zehazteko, kontratu txiki bat egin zutelako jubilatuen taberna zabalik mantentzeko.
"Herritar bat gerturatu zen taberna irekitzeko interesarekin, eta, kontratu txiki batekin irekitzeko aukera eman zigun. Sei hilabeteko kontratu txiki batekin ireki zen, eta, bitartean lanketa bat egin dugu pleguak ateratzeko…", adierazi du Dorleta Sologaistoak Eskoriatzako Udaleko Ongizate zinegotziak.
Oposizioaren ekarpenak jasota
Jubilatuen ekarpenak jasota, eta lehen zeuden pleguak eguneratuta, eta baita oposizioko kideek egindako ekarpenak gaineratuta, egindako lanketarekin pozik agertu dira oposizioko kideak. "Gaur lizitazioko pleguak onartu behar ziren eta aldeko botoa eman dugu, bereziki, egokiak iruditu zaizkigulako eta gure ekarpenak ere jaso direlako. Ekarpenak teknikoak dira, baina, hori baino azpimarratuko nuke onartu direla, eta hori Udal Gobernuari eskertzen diogu", adierazi du Josu Ezkurdiak, EAJko bozeramailea Eskoriatzako Udalean.
Tabernako hobekuntzak
Berrikuntza batzuk ere egin dira jubilatuen tabernan. Gaur egun negozioa dutenek toldoa jarri zuten tabernaren atzeko aldean, Gernika plazan, eta horrekin batera, udal ordezkariei ekarpenak egin dizkie identifikatu dituzten akatsekin. Dorleta Sologaistoak, Eskoriatzako Udaleko Ongizate zinegotziak. "Aldaketa batzuk egin dira argiterian…, kontuan hartu behar da eraikinak duen ezaugarriengatik pintura azkar erortzen dela…, eta horiei irtenbidea ematea ez da erraza izango. Hala ere, gaur egun arte eskatu diren aldaketak egingo ditugu…", adierazi du Dorleta Sologaistoak Eskoriatzako Udaleko Ongizate zinegotziak.
Osoko bilkuran onartuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun natural izango dituzte interesdunek beraien proposamenak aurkezteko.
Martxoaren 8rako EUDELeko adierazpena
Jubilatuen tabernaren gaiaz gain, aho batez onartu zuten 2024ko martxoaren 8a dela-eta Eudelek eskatuta alkateak aurkeztutako adierazpena.