Jose Arana zaharren egoitzan, 32 pertsonena artatzeko tokia dago gaur egun, eta eguneko zentroan beste 14 lagunentzat tokia dago, beraz, bertan daudenen egoiliarren ongizatea hobetzeko asmoz jarri dute martxan egitasmoa Jose Arana Patronatuko kideek. Bide batez, gaur egun energiaren autokontsumoaren aldeko hautua eginez. "Halako zerbitzu batean, energia zenbat gastatu duen, zenbat garestitu den… erreparatzen ezin gara aritu", adierazi du Aitor Zubizarretak, Jose Arana Patronatuko lehendakariak.
100 eguzki-plaka, guztira
552 metro karratutako eremuan, 100 eguzki-plaka jarriko dituzte, guztira, bi eremutan banatuta. Batetik, Jose Arana zaharren egoitza alboko baratza egon zen zonaldean, 50 plaka inguru jartzen izan ziren astelehenean, eta, igerilekua zegoen lekuan, jarriko dituzte gainontzekoak. "Lur-saila badugu, eta Jose Arana Patronatuko kideok pentsatu genuen eguzkiaren energia aprobetxatuz, eguzki-plaka batzuk jartzea, eta autokontsumorako energia produzitzea. 100 plaka jarriko ditugu, guztira, eta urtean 50.000 watt produzituko ditugu, zaharren egoitzan erabiltzen dugunaren %40a produzitzeko moduan".
60.000 euroko inbertsioa
Saltoki enpresak egin du proiektua eta beraiek arduratzen dira obra zibila eta obra teknikoa kudeatzeaz. Hala, aurrera begira, dirulaguntzak ere aurreikusten dituztela azaldu du Zubizarretak. "Espero dugu Eusko Jaurlaritzatik, EVEtik, Energiaren Euskal Erakundetik, izango dugula dirulaguntzaren bat. Ez dago ziurtatuta, baina, egin dugun inbertsio hau 12 urtetan errekuperatu daitekeela aurreikusi dugu, eta, gero, beste 12-16 urte geratuko litzaiguke etekinak ateratzeko. Inbertsioa BEZ-a kontuan hartu gabe, 60.000 euro ingurukoa izan da".
Energia komunitatearekin elkarlanerako prest
Egitasmo honekin aurrera begira, urrats berriak ematea ere ez dute baztertzen. "Gerora begira, Energia Komunitateekin harremanetan jartzea ere bada asmoa, Eskoriatzarako plan amankomuna egitea. Hala ere, lehenbiziko urratsa energiaren kostuetan aurreztea da gure asmoa. Gero, gerokoak…".
Hala, eguzki-plaken instalazioa jartzen egunotan amaituko dute, eta, energia aurrezten berehala hastea da Jose Arana Patronatuaren asmoa.