Solairu bat gehiago Eskoriatzako kiroldegian, gimnasio berria egiteko

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urt. 16a, 17:46

Manuel Muñoz kiroldegiko gimnasioak duen erabiltzaile kopuru handiaren ondorioz, leku falta dago, eta arazoari konponbidea emateko lanak hasi dituzte Burgosko Aplibur enpresakoek. Aurreikusten dutenez, hiru eta lau hilabete arteko iraupena izango dute lanek, hau da, maiatzerako erabilgarri izango da gimnasio berria.

Joan den astean jarri zituzten aldamioak Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegiaren kanpoaldean, lanak hasteko. Beste solairu bat egingo dute kiroldegian, eta hiru gune izango dituen gimnasioa eraikiko dute han. Burgosko Aplibur enpresak egingo ditu lanak, eta azken urteetan izandako eskaera handiari erantzuna emateko egin beharreko lanak direla adierazi du Asier Urzelaik, Manuel Muñoz kiroldegiko arduradunak. "Urtero izan dira herritarren kexak eta eskaerak, eta, batez ere, gimnasioarengatik. Lehenengo solairuko gunea oso txikia da, eta beste gune bat sortu genuen bigaren solairuan. Hala ere, ez da nahikoa… Behin eskaerak formalizatuta eta Eskoriatzako Udalak lanak egitea begi onez hartuta, dagoeneko hasi dira. Erabiltzaile kopurua asko hazi da azken urteetan; unibertsitateko ikasleak direla-eta, arratsaldeetan, batez ere, beteta izaten dugu. Azken finean, gimnasioa txiki geratu zaigu, eta lan horiekin konponbidea emango diogu arazoari. Behar den moduko gimnasioa izango dugu, eta erabiltzaileak pozik etorriko direlakoan nago".

Edukiera hirukoiztu egingo da

Hirukoiztu egingo dute Manuel Muñoz kiroldegiko gimnasioaren edukiera, metro karratuetan. Izan ere, beste solairu bat egingo dute, eta itxi egingo dute beiratearekin. Muskulatura lantzeko makina berriak jarriko dituzte, eta kiroldegi osoa alderik alde zeharkatuko du eremuak, pasabide batekin. Hiru gune izango ditu, eta apustu sendoa dela azaldu du Mikel Luengok, Eskoriatzako Udaleko Kirol zinegotziak: "Proiektu honekin 216 metro karratu inguru irabaziko ditu kiroldegiak, eta gimnasioak, berriz, 180 metro karratu. Lanak hasi dituzte, eta, aldamioak jarrita ostean, pasta bat jarri dute lehenbizi; ondo sikatu ostean etorriko dira gerokoak. Beharrezko lana dela uste dugu, egin beharrekoa, eta, modu horretan, gimnasioaren edukiaren arazoari konponbidea emango diogu. Aurreikusten dutenez, hiru hilabete eta erdi edo lau hilabete inguruan amaituta izango dituzte lanak; hau da, maiatzerako erabilgarri izango da".

Aurreikuspenen arabera, hiru eta lau hilabete artean iraungo dute lanek

Inbertsio handiko lana

Kiroldegiko obrak 390.000 euroko kostua izango du, eta beste 150.000 euro bideratuko dira hobekuntzentzat eta makina berrientzat. 2024ko udal aurrekontuetako inbertsio nagusien ataleko gastu osoaren 100.000 euro bideratuko dituzte ekipamendurako eta hobekuntza lanetara bideratzeko, eta falta dena soberakinetik ordainduko dute. "Diru aldetik apustu sendoa da, baina uste dugu merezi duela eta kirola egiteko gune ederra geratuko dela", adierazi du Luengok.

Erabiltzaileentzako oharrak

Obrek ez dute kiroldegiko jarduera etengo. Hala ere, zenbait ohar aurreratu dituzte, nahiz eta ohar bidez jakinaraziko dizkieten erabiltzaileei. Batetik, astebetez itxita egongo da zumba eskaintzen duten gela, hirugarren solairuko pasarela egiteko. Hala ere, jarduerak ez dira etengo; izan ere, saio horiek Ibarraundi museoan egingo dituztela adierazi du Urzelaik. Bestetik, obrak amaitzear daudela, azken hiru asteetan igogailua berritu egingo dutela adierazi dute. Eta lanek iraun bitartean ezingo da igogailua erabili. Hala ere, erabiltzaileren batek laguntza behar izanez gero, harrerako langileak zein kiroldegiko langileak bertan izango direla azaldu zuen Luengok. Azkenik, azken bi asteetan itoginak konpontzeko lanak egiten ari direla ere jakinarazi dute, eta lan horretan jarraituko dutela ere azaldu dute, erabiltzaileei oztoporik sortu gabe. "Itoginekin arazoa aspalditik izan dugu, eta konpontzen hasi ginen duela bi aste. Sabaiko lan horiek egitea ez da erraza, eta guneka ari dira itogin horiek konpontzen; beraz, konponketa lan horiekin ere jarraituko dute datozen asteetan", adierazi du Urzelaik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak