Azken urteetako ohiturari eutsiz, eskualdeko sortzaile batekin elkarlanean ondu du Goiena Komunikazio Taldeak bere komunitateko kideentzako sortu duen Gabonetako mezua. "Orain dela hiru urte abiatu genuen bidetik jarraitu dugu; hau da, Debagoieneko artistekin elkarlanean. 2021ean, Larraitz Garai aretxabaletarrari proposatu genion, eta harearekin margotutako irudi ederra egin zuen; iaz, Aramaioko Edurne Kortabarria ilustratzailearen atea jo genuen, eta irudi berezia sortu zuen hark ere; eta oraingoan, zeramika lantzen duen June Larzabal eskoriatzarrari eskatu diogu", azaldu du Goienako Marka lantaldeko kide Iñaki Iturbek.
'Beti izango gara gu'
"Sorpresa polita" hartu zuen Larzabalek Goienaren proposamena jasota. "Artelan bat egiteko eskatu zidaten, urte berrira begirako nire desio batekin lotuta dagoena; hori horrela, ideia lantzen hasi nintzen eta, poliki-poliki, ideia hura buztinarekin garatzen joan nintzen, hainbat plater sortuta. Beti izango gara gu izena eman diot, urte berrirako nire desioa gure eskualdeko izaera mantentzen jarraitzea baita; bizi garen mundu globalizatu eta azkar honetan bertakoa mantentzea aldarrikatu nahi dudalako", azaldu du Eskoriatzako artistak.
Debagoieneko elementu ezagunak islatu ditu plateretan. "Adibidez, Arantzazu gogora ekarri dut arantzatxoak dituen platerean; Atxorrotx mendiaren silueta ikusten da beste batean; Leintz Gatzagako gatza beste batean; Urkuluko urtegiko uraren uhinak ere bai... ".
Hainbat euskarritan
Gaur hasita, bere euskarri guztietan zabalduko du Goienak mezua, hainbat formatutan aurkeztuta, eta June Larzabalen lana guztietan izango da ikusgai.