Dorleta Kortazarren 'Ispiluak' lana 'Heldu da kontua' zirkuituko sarituetako bat da

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ira. 26a, 15:01

II. Helduentzako Kontalaritza Sorkuntza Sariak baditu irabazleak. Alde batetik, Joxe Aldasoro Mingots eta Langarratik lanarengatik izan da saritua, eta, beste aldetik, Dorleta Kortazar Ispiluak lanagatik. Saridunek, helduentzako Euskal Kontakizun Zirkuituan parte-hartzeko aukera izango dute.

II. Helduentzako Kontalaritza Sorkuntza Sariak baditu irabazleak. Alde batetik, Joxe Aldasoro Mingots eta Langarratik lanarengatik izan da saritua, eta, beste aldetik, Dorleta Kortazar (Eskoriatza, 1974) Ispiluak lanagatik. Saridunek helduentzako Euskal Kontakizun Zirkuituan parte hartzeko aukera izango dute, eta egitasmoan parte hartu duten Arrasate, Berriz, Etxarri Aranatz, Eskoriatza, Gasteiz, Iruraiz-Gauna, Ozaeta-Barrundia, Tolosa eta Zizurkil herrietan izango dira saridunak kontaketak egiten.

Zer esan nahi du zuretzat Heldu da kontua zirkuituan sariduna izateak?

Heldu da kontua zirkuitua bigarren urtez egin den ekimena da. Ipuin kontalariok urtean zehar zenbait topaketa egiten ditugu, eta horietako batean irten zen helduentzako zirkuitu baten beharra zegoela. Behar horri erantzuteko sortu zen egitasmo hau. Alde batetik, zirkuitu bat sortzea ezinbestekoa izan da, eta horretarako zenbait herritara eta erakundetara jo da. Helburua zen ikuskizun minimo batzuk egitea, eta zenbait herri konprometitu dira horretarako. Sariketaren bigarren partean, berriz, ikuskizuna egiteko ikuskizuna aukeratu behar zen. Hainbat proposamen aurkeztu genituen, eta bi izan dira aukeratuak: bata, nirea, Ispiluak lana, eta, bestea, Joxe Aldasororen Mingots eta Langarratik lana. Hala, zirkuitu horretan ipuinak kontatuko ditugu.

Zer eskainiko duzu Ispiluak ikuskizunean?

Aspalditik buruan nuen ideia bat zen, garatzen ari nintzena, eta sariketa honek eman didan aukera izan da data bat ezartzea, eta proposamen bat bidali behar izana. Ispiluak ikuskizuna oraindik nire barruan bizi da, eta, emanaldirik egin ez dudan arren, gogotsu nago kontatzen hasteko. Zenbait herritan izango naiz kontatzen; Eskoriatzan, esaterako, abenduaren 1ean izango naiz. Horrez gain, Berrizen, Gasteizen, Tolosan… izango naiz. Pozik nago; izan ere, Eskoriatzara zenbait emanaldiren ostean joango naiz, beraz, borobilduta izango dut ikuskizuna.

Dorleta Kortazar ipuin kontalaria Santa Marina plazan, asteon.

Helduentzako zein haur edo gazte literaturako gomendioren bat egingo zenuke?

Sentsibilizazio lan bat egiten ari gara ipuin kontalariok, helduentzako ipuin kontalariak balioan jartzeko. Gustukoa izan ala ez, norbait ez bada sekula helduei zuzendutako ipuin saio batean izan, ikusteko gonbidapena egingo nioke. Seguru sorpresa hartuko duela eta espero ez duen zerbait aurkituko duela. Bizitzeko esperientzia bat dela esango nuke.

Beste hainbat proiektutan ere ari zara, ezta?

Azken aldian, haur eta gazte literaturaren gomendioen hitzaldiak ematen ari naiz, ipuinak irakurtzeko formakuntza saioak eskaintzen… Aste honetan, Salamancan eta Zamoran izan naiz kontakizunak egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak