Atxorrotx Kultura Elkarteak aditzera eman ditu aurtengo Errekan Gora jaialdian parte hartuko duten musika taldeen izenak. Aurten ere, iraileko hirugarren asteburuan, hilaren 15ean, 16an eta 17an ospatuko den jaialdiak musika estilo ezberdin ugari batuko ditu zazpi kontzertutan. Duela bi urte aldatu zuten jaialdia astebukaera bakarrera eta aurten ere, horrela jarraitzea erabaki dute.
Hamabosgarren aldirako ere punta-puntako taldeak ekarri dituzte aurreko edizioetako arrakasta errepikatzeko asmotan; honakoak izango dira aurtengo Errekan Gora jaialdian parte hartuko duten taldeak: Kokein, Irati Etxebarrieta, Pasadena, Broken Brothers Brass Band, Xiberoots, Arrasate Musikal Big Band eta Nevadah.
Kontzertuen kokapenari dagokionez, beste urte batzuetan herriko hainbat txokotara zabaldu izan ohi dituzte emanaldiak, aurten, ordea, emanaldi bat izan ezik, beste guztiak herriko plazan egingo dituzte. Egitarau osoa jarraian ikusgai:
Egitaraua:
KOKEIN
Herriko plazan Irailak 15, egubakoitza / 22:30
IRATI ETXEBARRIETA
Herriko plazan Irailak 16, zapatua / 12:00
PASADENA
Herriko plazan Irailak 16, zapatua / 13:00
BROKEN BROTHERS BRASS BAND
Herriko kaleetan zehar Irailak 16, zapatua / 19:00
XIBEROOTS
Herriko plazan Irailak 16, zapatua / 22:30
ARRASATE MUSIKAL BIG BAND
Herriko plazan Irailak 17, domeka / 13:00
NEVADAH
Herriko plazan Irailak 17, domeka / 19:30
ZeDemontreko txapelduna oholtza gainean
Aurtengo Errekan Gora jaialdiko nobedadetako bat izango da ZeDemontre lehiaketako txapelduna ere herriko plazako oholtzara igoko dela. Uztailean egin zuten ZeDemontreren bigarren topaketa, eta Irati Etxebarrietak plazaratutako lana izan zen publikoaren aldetik gehien gustatu zena. Orain, sari bezala irailean egingo den jaialdian parte hartzeko aukera izango du.