San Pedro jaietako berritasun nagusia da. Ekainaren 29an, 08:00etatik 10:00etara, sokamuturra egongo da Eskoriatzako kaleetan. Udalak antolatuta garai batean ohikoa zen jaietan sokamuturra egotea, eta, hogeita hamar urteren ondoren, berriz ere antolatu dute. Aurreko urteetan bigantxekin ikuskizunak egin izan dira gazteenekin, baina aurten legea aldatu denetik ezinezkoa izan da tankera horretako ekitaldiak antolatzea. Ezintasun hori ikusita, sokamuturraren itzuleraren aldeko apustua egin du Udalak.
Era horretara, urte askoan eskoriatzarren multzo batek egin duen eskakizunari erantzuna emango zaiola ziurtatu du Udalak. Herrian jendea gogotsu dago, eguna noiz iritsiko zain. Gazteak, herrian inoiz ikusi ez duten ekitaldi bat ikusteko ilusioarekin; eta zaharragoak, iraganeko oroitzapenak berriz bizi izateko asmoz. Plaza inguruan askatuko dute zezena eta inguruak hesituta egongo dira. Horren harira, Iñigo Almortza Bergarako Zezenen ganadutegiko arduraduna gogotsu azaldu da ospakizunari begira: "Urte askoren ondoren, erronka polita da berriro ere Eskoriatzara bueltatzea".
Iritzi kontrajarriak
Dena dela, badaude zezenketak atsegin ez dituztenak ere. "Animaliak gaizki pasatzen duen ekitaldi oro ez dut atsegin, ez zait bidezkoa iruditzen", adierazi du herritar batek. Beste batzuek, ordea, ekimen polita eta interesgarria dela diote, garai zaharretan biltzen zen jendetza oroituz. Ganadutegiak dagoeneko aukeratu ditu zezenak, eta Almortzak adierazi du zezen arinak eta azkarrak eramango dituela, ikuskizun polita eskain dezaten. Bestalde, herritarrei zezenekin errespetuz jokatzeko dei egin die, denek festaz errespetuz eta bakean disfruta dezaten. Udalak aditzera eman duenez, 16 urtetik azpikoek debekatuta izango dute sarrera, baita alkoholaren edo legez kanpoko substantzien eraginpean daudenek ere. Udaltzainak publikoaren sartu-irtenak kontrolatzen izango dira.