ALBISTEAK

EH Bilduren botoekin, Edorta Zubizarreta da Eskoriatzako alkate berria

Miren Arregi Amasorrain 2023ko eka. 17a, 14:46

EH Bilduren zazpi boto eskuratuta, Edorta Zubizarreta Alegria (Eskoriatza, 1962) da Eskoriatzako alkate berria. EAJkoak abstenitu egin dira. Joxerra Zubizarretak, azken zortzi urteotako alkateak, ez du kargua hartu. Haren ordez, EAJren zerrendako bosgarrena sartu da udalean, Josu Ezkurdia.

Eguerdiko hamabietan egin da Eskoriatzan udalbatza osatzeko bilkura eta EH Bilduko Edorta Zubizarreta Alegria aukeratu dute alkate. Bera izan da, alkatetzarako bere burua aurkeztu duen bakarra.

Protokoloak agindu bezala, zinegotzi zaharrenak (EAJko Maite Uribe), zinegotzi gazteenak (EH Bilduko Irati Iglesias) eta udal idazkariak osatu dute Adinekoen Mahaia. Behin osatuta eta zinegotzien egiaztagiriak onartuta, karguak hartu dituzte. Hamaika zinegotzik hartu dute kargua; Joxerra Zubizarretak uko egin dio eta Josu Ezkurdia sartu da haren ordez. Behin karguak hartuta, alkatea aukeratzeko bozketari ekin diote. Edorta Zubizarreta izan da alkatetzarako bere burua aurkeztu duen bakarra; EH Bilduko 7 boto eskuratu ditu. EAJko zinegotziak abstenitu egin dira. Alkate berriak, azken zortzi urtetan alkate izan den Joxerra Zubizarretaren eskutik jaso du zumitzezko txibita.

Edorta Zubizarretarendako bigarren aldia izango da alkatetzan, 1999tik 2003ra arteko agintaldian ere izan baitzuen ardura hori, orduan Euskal Herritarrok alderdiarekin. Aurretik, 1995etik 1999rako agintaldian, zinegotzi ere izan zen.

Gertukoak gogoan

Edorta Zubizarretak, haren ibilbidean lagun izan dituenak gogora ekarrita egin ditu alkate bezala  lehen hitzak. "Lehenengo aldiz nirekin batera zinegotzi izan zen Aitor Armendariz eta Korta, ondoren alkatetzan nirein egon ziren David, Josu, Dorleta eta Iñaki; Pedro, Beñat eta euren talde osoa. Eta bereziki, azken zortzi urteotan oposizioan egon direnak. Urte oso gogorrak izan dira, kostu pertsonal eta familiar handia suposatu dute eta batek osasuna ere bidean utzi du. Horregatik, talde osoaren izenean, eskerrik asko, bihotzez", mintzatu da.

Alkate berriak azpimarratu du zintzotasunez eta borondate onenaz lan egiteko konpromisoa hartzen dutela eta herritar guztiendako ateak zabalik izango dituztela: "Jakin gure atea beti egongo dela zabalik denontzat".

Zubizarretak badaki EH Bilduren 7 zinegotzirekin ez dutela zailtasunik izango agintaldian proiektuak aurrera eraman ahal izateko, hala ere, oposizioko kideekin elkarlanean aritzeko prestutasuna azaldu du. "Batzordeetara etorriko dira EAJkoak eta euren ideiak ere lantzeko gai izango gara".

Joxerra Zubizarretaren agurra

Esan bezala, orain arteko alkate Joxerra Zubizarretak ez du gaur zinegotzi kargua hartu eta agur esan dio ibilbide politikoari. "Emaitzak izan dira izan direnak, zerrendaburua ni nintzen eta emaitza horiek ikusita ez zeukan zentzurik nik hor jarraitzea", azaldu du. Zubizarretaren ordez, Josu Ezkurdia sartu da, zerrendetan bosgarrena, eta bera izango da agintaldi berrian EAJren bozeramailea.

Zubizarretak, azken urteetan bidelagun izan dituen EAJko zinegotziei eskerrak eman dizkie egindako lanagatik eta datozen lau urteetan arituko den talde jeltzaleari elkarlanean jarraitzeko mezua helarazi die.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak