Badator gautxoriendako neurrira egindako proba

Xabier Urtzelai 2023ko eka. 9a, 14:33

Zapatuan egingo dute Gabez Takarraran lasterketaren hamaikagarren edizioa, Eskoriatzan. Guztira, 141 parte-hartzaile izango ditu, oinezkoak eta korrikalariak batuta. Aurten 1.200 euro banatuko dituzte saritan.

Zapatuan egingo dute Debagoienean gauez egiten duten mendi lasterketa bakarra: Gabez Takarraran. 89 parte-hartzaile batuko dira plazan antolatzaileek proposatutako 25 kilometroko ibilbidea oinez egiteko asmoarekin. Eta 22:00etan beste 52 lasterkarik hasiko dute proba, korrika.

Sari ekonomikoa egongo da

Oinezko modalitateak ez du lehiaketa izaerarik izango, baina korrikakoak bai, eta, gainera, berritasunetako bat da irabazleendako aurten 1.200 euro izango direla saritan: "Lasterketa berezia da Gabez Takarraran. Ezaugarri jakin batzuk ditu. Lehiatzeko asmoarekin etortzen direnendako aproposa da, baina parte-hartzaile gehienak bestelako asmoekin etortzen dira; alegia, lasterketa gauez egiteak duen xarmak erakartzen ditu, eta ondoren herrian egoten den giroak. Baina bai, aitortu behar dugu badituela kontrakotasunak ere. Batetik, korrikalariek 22:00ak arte egon behar izaten dute lasterketa egiteko zain, eta ez daude horretara ohituta, probak goizetan egiten direlako. Eta horrekin batera, ulertzen dugu herriko korrikalariek helmuga gurutzatzerakoan etxean dutxa azkar bat hartu eta kalera etortzen direla ostera ere, plazan egoten den giroaz gozatzera. Baina kanpotik datozen korrikalariek goizaldean autoa hartu behar izaten dute etxera bueltatzeko, eta ulertzen dugu batzuendako ez dela erosoena", adierazi du antolatzaile lanetan dabilen Julen Ezeizak. Baina, hain zuzen, ezaugarri horiek egiten dute Eskoriatzako hitzordua berezi.

Gizonak eta emakumeak

Azken urteotan antolatzaileek Gabez Takarraran oinez egiteko ematen duten aukerari esker parte-hartze datuak asko berdindu dira, bihar gauean mendian ibiliko direnen gizonezkoen kopurua bestekoa izango da-eta emakumezkoena –72 gizonezkoak dira eta 69, emakumezkoak–. Ñabardura batekin, baina: "Korrikako modalitatera emakumezko gutxi animatu dira; gehienek oinez egingo dute ibilbidea". Hala, zirkuituan ez da aldaketarik egongo. Herriko plazatik abiatu eta Asentsioko tontorrera joango dira lehenengo, handik berriz ere herrigunera jaitsi eta Eskoriatzako mendi kuttuna den Atxorrotxerako bideari ekin beharko diote, lasterketako puntu goreneraino iritsi arte, Makatzgain tontorrera. Eta handik herrigunerako bidea hartuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak