ALBISTEAK

"Herri izaera eta kale bizitza" berreskuratzeko helburua du Eskoriatzako EH Bilduk

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mai. 20a, 10:11

Atzo arratsaldean egindako ekitaldian azaldu zituen Eskoriatzako EH Bilduk Eskoriatzaren izaera eta kaleko bizitza berreskuratzeko planak. Dorleta Kortazarrek gidatu zuen ekitaldia eta Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko parlamentari Rebeka Ubera elgetarrak eta Eskoriatzako EH Bilduren alkategai Edorta Zubizarretak hartu zuten hitza. Amaieran, hainbat kideri aitortza egin zieten azken agintaldian egindako lanagatik.

Musika emanaldiarekin hasi zen ekitaldia, eta ondoren, Eusko Legebiltzarrean EH Bilduko parlamentari den Rebeka Ubera elgetarrak hartu zuen hitza. Aldarrikatu zuen konpromisoa, militantzia eta herriarekiko eta herritarrekiko maitasuna dela EH Bildu, pertsonak erdigunean jarrita: "EH Bildu da Eskoriatza, Debagoiena eta Euskal Herri osorako proiektua, konpromisoa eta maitasuna eskaintzen duena. Gutako bakoitzak esku bat behar duenean hor egotea. Anbulategira goazenean norbait aurkitzea hitzordua emateko garaiz eta denboraz, eskolan irakasleek lan-baldintza egokiak izatea guztion seme-alaben hezkuntza behar bezala bermatzeko, gure gazteei etxebizitza eskubidea bermatzeko, gure auzokideei auzoa hobetzen laguntzeko, gure aiton-amonek merezi duten zaintza jasotzeko eta, noski, zaintzaileak behar duten lan-baldintzak izateko". 

Horrekin batera, gogoan izan zituen orain arte denbora eta lana eskaini duten eta hemendik aurrera "Eskoriatzan EH Bilduk irabazteko, Eskoriatza hobetzeko, Gipuzkoa hobetzeko eta Euskal Herria hobeago bat eraikitzeko" lan egingo duen lantaldea. Era berean, babesa erakutsi zion EH Bilduko alkategai Edorta Zubizarretari eta herritar guztiei eskatu zien euren ingurukoiei gogorarazteko bozkatzea zeinen garrantzitsua den eta azaltzeko EH Bilduk "herritarrekin duen konpromisoa".

"Haize berriak" bueltatzeko asmoz

Ondoren, Edorta Zubizarreta eta zerrendakideak atera ziren jendaurrera –Maria Abeijon eta Nestor Arana izan ezik– eta alkategaiaren txanda izan zen. "Bihotzez" eskertu zien gainerako hautagaiei bera buru doan zerrendara batzeko aurrerapausoa eman dutelako. Hitz hauek izan zituen taldeaz: "Oso talde majoa da. Lan egiteko gogoa duen taldea osatzea lortu dugu eta gauzak egiteko beste modu bat eramango dugu udaletxera. Ideia berriekin datorren taldea gara Eskoriatza berpizteko".

Herri izaeran eta kale bizitzan jarri zuten azpimarra eta horretarako gaineratu zuen beharrezkoa dela herritar nahiz elkarte guztien arteko elkarlana eta Udalak elkarlan hori sustatu behar duela: "Oraingo gizartea eraldatzen doa eta udaleko politika egokitu behar da". Zubizarretaren esanetan, ez da posible hainbat urtetan jende berdina agintean egotea, eta horregatik, "hautsa astindu" behar dela eta "leihoak zabaldu" behar direla aldarrikatu zuen "haize berriak" sartzeko. "Haize berriak lemarekin lortu genuen lehen aldiz alkatetza eta berriro ere haize berriak sartuko ditugu udaletxean. Besterik gabe, esatea Eskoriatzari, buelta emateko prest gaudela", nabarmendu zuen Zubizarretak.

Ekitaldia amaitzeko, aitortza jaso zuten Eluska Irazu, Ander Errarte, Dorleta Sologaiztoa eta Nestor Aranak –ekitaldian falta zen– azken agintaldian egindako lanagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak