Zilarrezko Mailara igota, finala irabaztea helburu

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mai. 5a, 10:30

Hemen Garbiketak Eskoriatzako junior partaidetzako taldeak Iraurgiren aurka jokatuko du finala, Urnietan, domekan, 12:00etan. Hala, animatzera joan nahi duenarentzat autobusa antolatu dute Eskoriatza Kirol Elkarteko kideek.

Jokin Etxebarria Hemen Garbiketak Eskoriatzako junior partaidetzako emakumezkoen saskibaloi taldeko entrenatzailearen eta Mikel Elortza entrenatzaile laguntzailearen gidaritzapean, haien mailan talderik onena izateko aukera izango dute domeka honetan. Izan ere, Iraurgi taldea izango dute aurkari; Azkoitiko eta Azpeitiko jokalariek osatutako taldea da faborito nagusia, baina motibatuta daude eskoriatzarrak eta irabaztera irtengo dira Urnietako kantxara.

Hiru fase izan dituzte denboraldi honetan. Zortzi partiduetatik guztiak irabazi zituzten lehenengo fasean; bigarren fasean, zazpi partiduetatik bost irabazi zituzten; eta, final-laurdenak eta finalerdiak erdietsita, Urnietan finala izango dute, ibilbide politari ginga jartzeko asmoz. "Behin jokatu dugu soilik Iraurgiren kontra, Eskoriatzan, eta, sei puntugatik galdu arren, argi geratu zen irabazi diezaiekegula. Ea domeka honetan zer gertatzen den", dio Jokin Etxebarria entrenatzaileak.

Faboritoari irabazteko asmoz

Denboraldi honetan hamazazpi partidu jokatu dituzte, guztira, eta horietatik hamabost irabazi dituzte. "Lehenengo itzulian, bertako taldeen aurka izan genituen partiduak, eta, emaitzak onak izan zirela ikusita, sinisten hasi ginen, maila honetan zerbait egiteko aukera izango genukeelakoan. Helburu berriak ezarri genituen, eta finalerdietarako sailkatzea izan zen erronka. Final-laurdenetan nahiko erraz irabazita, finalerdietan gu baino faboritoagoa zen Lasarteko Ostadar taldearen kontra irabazi genuen; beraz, ilusioz gaude datorren jardunaldirako. Sinistuta gaude domekan irabazi egingo dugula".

Kadeteei eskerrak

Denboraldia hasi aurretik taldea maila bat gorago ateratzea pentsatu zutela ere adierazi du Etxebarriak. "Zilarrezko Mailan taldea ateratzea pentsatzen genuen, baina hura murritza da; zortzi jokalari soilik ditugu. Haietako bat urtarrila ezkero lesionatuta dago; kadeteak ere aritu dira laguntzen. Eskerrak haiei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak