Edorta Zubizarreta (60 urte), gaur egun aseguru-agentea, aurkeztu du EH Bilduk Eskoriatzako alkate izateko hautagai. Zubizarreta lehenago ere izan zen herriko alkate, 1999 eta 2003 urte artean. "Legealdi hura oso onuragarria izan zen eskoriatzarentzat, herriko alderdi ezberdinetako zinegotzi guztien baterako lanari esker. Horrela, Udalaren eraikina berritu zen, liburutegi berria eraiki zen, Osakidetzarekin anbulatorio berrirako hitzarmena lortu zen, Ibarraundi museoa martxan jarri zen, Santa Marina, Gorosarri eta San Pedroko irisgarritasun-planak abian jarri ziren...", adierazi dute EH Bildutik.
Bada, EH Bildutik nabarmendu dute elkarrekin lan egiteko espiritu hori lortu nahi dutela. "Eskoriatzako herritarren behar nagusiei erantzuteko, ahalik eta bizi modu duinena mantentzeko. Merezi dugun Eskoriatza lortu nahian, auzokideen arteko lankidetza, elkarrizketa eta, batez ere, elkarlana, guztiontzako herri hobea eraikitzeko gakoak direla uste dugu". Aurkezpenean hurrengo hauteskunde zerrendako kideak eta EH BIlduren Udal taldekoak ere batu dira. Aurreratu dutenez lehenengo erabakia lantalde hori indartzea izan da, "Esperientzia eta gaztetasuna elkartuz. Erreleboa hartzeko prest dagoen gazteria bat dagoela egiaztatuz, Udal lanaren transmisioa bermatzeko eta belaunaldi berriak Eskoriatzarako etorkizun hobe baten aldeko lanean sartzeko legealdiak izan behar du".
Hala, Zubizarretak GOIENAri aipatutakoaren arabera, gertu dute hauteskunde programa. "Zirriborroa prest dugu, baina gaur aurkeztu dugun lantaldearekin zehaztu behar dugu zeintzuk diren lehentasunak. Horrekin batera, garbi daukagu alkatetza lortzen badugu helburua izan behar dela Udalean elkarlanean jardutea, inor baztertu barik, herriaren alde lan egitea".