Gazte Eguna gertu martxoaren 25erako

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mar. 20a, 11:04

Itzartu Gazte Asanbladako kideek antolatutako jaia izango da martxoaren 25ean. Hausnartzetik hasi eta aisialdirako tartea hartuz pasatuko dute eguna Eskoriatzako gazteek. Hala, solasaldia, triki-poteoa, bazkaria eta kontzertuak izango dituzte.

Eskoriatzar guztiei zuzendutakoa izan arren, Gazte Eguna izenez batailatu dute martxoaren 25erako antolatu duten ekintza-sorta eguna Itzartu Gazte Asanbladako kideek. Orotariko ekintzak antolatu dituzte egunerako: gazteek gaur egun bizi duten egoera hausnartzen hasiko dute eguna, eta aisialdiko bestelako ekintzekin emango diote jarraipena: triki-poteoa, bazkaria eta musika emanaldiak.

Egitaraua

• 11:30 Mahai-ingurua, kultura etxeko eraikinean. Gazte antolakuntzen esperientzia Eskoriatzan lelopean.

• 12:30 Triki-poteoa egingo dute, Inkernu tabernan hasita.

• 15:00 Bazkaria Joseba Iñurrategi pilotalekuan. Txartelak salgai jarri dituzte, 15 eurotan, Aldatz eta Inkernu tabernetan, maiatzaren 21ra arte. Aukera beganoa eta zeliakoa izango da, aurrez hala eskatzen dutenentzat.

• 20:30 Musika kontzertuak kontzejupean: Youth United (punk-oi! estiloa) eta Lizartxo (erromeria).

• 23:30 Musika-pintxada kolektiboa, Inkernu tabernan. Parte hartzeko, 688 64 66 72 telefono zenbakira idatzi.

Mugimendu gaztearen asmoa

"Ikusi genuen Eskoriatzan gazte mugimendu falta zegoela; batzen hasi ginen, eta bilerak egiten. Hori horrela, taldea sortu genuen, eta gazte mugimenduari hasiera ematea da martxoaren 25eko egun honen helburua. Ez dugu nahi izan parrandarekin soilik lotzea egun hau; hori horrela, herriko beste mugimendu, elkarte eta eragileen lana aztertzeko solasaldia izango dugu kultura etxean, lehenbizi. Esaterako, Itzartu Gazte Asanbladaren aurretik gaztetxea izan genuen Eskoriatzan, eta pentsatu genuen haiek euren esperientzia kontatzea interesgarria izango zela, eurek bizitakoak jasoz ikasi dezagun", dio Ainhoa Loitik, Itzartu Gazte Asanbladako kideak.

Loitik gaineratu duenez, Gazte Eguna antolatzea baino gehiago da Itzartu Gazte Asanbladaren asmoa: "Eskoriatzako gazteen beharrak asetzeko talde bat da. Gogotsu gaude, hasiberriak gara eta herriko gazte guztiak animatu nahi ditugu antolatutako ekintzetan parte hartzera".

Youth United taldearen debuta

Josu Rodriguez, Unai Arias eta Markel Penakoba aretxabaletarrek eta Aritz Zubia eskoriatzarrak osatzen dute Youth United musika taldea. Punk-oi! estiloa jotzen dute eta euren lehenengo emanaldia izango da Eskoriatzakoa. Non Servium, Neallta Fola eta Hell Beer Boys musika taldeen bertsioak eskainiko dituzte, besteak beste. "Iaz sortu genuen taldea, eta, lehenengo entseguak hiruko formatuan hasi arren, lau lagunek osatzen dugu taldea. Horrekin batera, Eskoriatzan egingo dugun debuta berezia izango da; izan ere, nik, normalean, baxua jotzen dudan arren, abestu egingo dut oraingoan; istripu txiki baten ondorioz ez dut ondo eskua, eta nire ordez Unaik joko du baxua emanaldi horretan", adierazi du Aritz Zubia taldekideak.

Youth United taldearekin batera Lizartxo erromeria taldea ere izango da kontzejupean. Oñatiko musikariek ondo demostratu zuten iaz, Eskoriatzako San Pedro jaietan, badakitela giroa ondo jartzen, eta oraingoan ere aurreikuspen berarekin izango dira.

Bi kontzertuak amaitzen direnean, musika-pintxada kolektiboa izango da Inkernu tabernan. Nahi duten herritarrek kantuak aukeratu eta proposatuko dituzte egunean bertan orotariko estiloak batzen dituen playlist-a osatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak