Jose Luis Eraña: "Eraikinaren eta lokalaren egoera ikusita, uztea erabaki dut"

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ots. 22a, 19:39

Jubilatuen etxeko taberna-saloi zerbitzua ustiatzeko kontratua 2024ko otsailera arte indarrean izan arren, kontratuari uko egitea erabaki du Juan Luis Erañak, 'Labetxe'-k, "gogoz kontra".

Udalaren jabetzakoa den jubilatuen tabernak itxita ditu ateak abendua ezkero. Taberna eta jatetxe gisa funtzionatzeaz batera herriko nagusien elkargune izateko funtzioa zuen negozioa hamaika urtez Juan Luis Erañak eraman du, baina kontratua etetea erabaki du, Udalarekin izandako hartu-emanetan adostasunik lortu ez duelako. Hori horrela, urtarrileko ohiko osoko bilkuran ukoa onartzea izan zuten hizpide udalbatzako kideek. Hau da, kontratua suntsitzea. Erabakia onartu egin zen alderdi jeltzaleko kideen eta Eskoriatzako Elizateen Elkartearen onespenarekin –zazpi boto–; EH Bildu abstenitu egin zen –lau boto–.

Zergatik egin diozu uko jubilatuen tabernako kontratuari?

Bi urtean behin berritzen genuen kontratua, baina, Udalarekin arazo ugari genituenez, uztea erabaki dut. Arrazoi nagusia izan da Eskoriatzako Udalaren partetik ez didatela irtenbiderik eman. Udal jabetzakoa da lokala eta egoera oso eskasean dago: pintura, azulejoak, argiak… Kanpoko fatxada ere hala moduz dago, eta, gainera, Ticket Bai sistema etorri da; horri dagokionez, Gabonen aurretik, Ticket Bai sistema zetorrela esatera joan nintzen Udalera, eta ez zidaten kasurik egin. Beraz, uztea erabaki, eta zazpi urtez kontratatuta izan dudan langilea langabezian geratu da, ni bezala. Udaletik esaten ziguten Ticket Bai sistema guk erosteko, eta nik uste dut haiei dagokiela…; zenbait konturen batura izan da. Herritar askok esan didate jarraitzeko, baina halako egoeran ez dago modurik.

Baldintzak aldatuz gero, jarraituko zenuke?

Konponketa-lanak egiteko eskaerak egin ditugu urte hauetan guztietan; batez ere, terrazarako. Euria egiten duen egunetan aterpea izan dezaten herriko nagusiek… Kultura etxean dauden komun publikoak ere gure ardurapean zeuden, eta bere garaian ere izan genituen arazoak; orain, itxita daude. Labur esanda, halako baldintzetan ezin izan dugu jarraitu. Nire asmoa erretiroa hemen hartzea zen, eta nirekin lanean egon denak, agian, nahiko luke, lokala margotu, gauzak konpondu eta kanpoaldeko ingurua egoki balego.

Erabakia hartuta, urte hauetako esperientzia nolakoa izan da?

Udalarekin gorabeherak izan arren, pozik gaude bizitakoarekin. Erabakia pena handiz hartuta, eskerrak ematea bakarrik geratzen zaigu. Jendearekin oso gustura egon gara eta esango nuke orokorrean gustura izan direla haiek ere gurekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak