Aurreko urtean jarri zuten lehenengoz Eskoriatzako Marin auzoko Biribitxibekoa baserrian urte zaharra eraman eta berria ekartzen duen trena eta aurten baserriko zelaian Olentzeroren mendiko bizitza irudikatu dute. Ez da xehetasunik falta, izan ere, Olentzero, txabola, animaliak eta ikatza egiteko txondorra daude ikusgai. Sonia Murillo da egileetako bat eta herritar oro animatu du euren jarritako apaingarriak ikustera.
Murillok adierazi duenez, baserriko egurrarekin egin dituzte pieza guztiak. Egur hori bera erabiltzen baitute etxeko ogia egin nahiz baserriko berogailua jartzeko. Hala ere, azaldu du zenbait animalia egiteko, adibidez, enbor lodiagoak behar izan dituztela eta horiek bizilagun bati esker eskuratu dituztela.
Murilloren hitzetan, Eskoriatzatik, Arrasatetik edota Gasteiztik etorri da jendea apaingarriak ikustera. Ikusleen aldetik jaso duten erantzunarekin gustura eta egindakoarekin oso harro agertu da Sonia Murillo. Hori horrela, dagoeneko datorren urterako ideiak badituela aitortu du, baina "sorpresa" dela dio: "Zaila izango da aurten egin duguna hobetzea, baina hobetuko dugu".