Eskoriatzako Udalak aurten ere Gabonetako apaingarrien lehiaketa antolatu du, baina aurtengoa berrikuntza batekin, lehiaketa hori auzoen eta elizateen artean egingo delako; hau da, ez dute balkoiek, leihoek edo saltokiek parte hartuko, baizik eta Santa Ana, Olazar, San Pedro, Elorreta, Marin, Zarimutz eta abarretako kale edo auzoek. Hori horrela, hirugarren urtez jarraian, Intxaurtxueta auzoko bizilagun talde bat buru-belarri aritu da auzoa apaintzen, eta, gehienbat, botatzeko diren hondakinak erabilita osatu dituzte apaingarriak.
Elementu gehiago jartzekotan
Aurreko edizioetan erabilitako apaingarriez gain, berriak ere egin dituzte, eta Jose Arana nagusien egoitzakoek auzoa apaintzeko propio egingo dituzten lanak ere erabiliko dituzte, besteak beste. "Okindegia, Olentzeroren eta Mari Domingiren etxea, oreinak, jaiotza… jarri ditugu Intxaurtxueta plazan, eta batez ere hiru lagun aritu garen arren prestaketa lanetan, auzoko Luisen eta Geroren laguntza handia izan dugu. Emaitzarekin oso gustura geratu gara, baina oraindik gauza gehiago jartzeko asmoa dugu", adierazi du Ana Garciak, Intxaurtxueta auzoko bizilagunak.
Material birziklatuekin
Egur asko erabili dute apaingarriak egiteko, eta kortxo plastifikatuz forratu dituzte etxolak, euria egiten duenean elementuak ez hondatzeko. "Plaza erdian jarri dugun zuhaitza burdinaz egin digu auzotar batek, eta, argiak ere jarri ditugu, iaz irabazi genuen lehiaketako diruarekin", adierazi du Ana Garzonek, Intxaurtxuetako auzotarrak.