Olazar Erretiratuen Elkartekoak teknologia berrietan sakontzeko saioekin ari dira

Imanol Beloki Unamuno 2022ko aza. 17a, 10:36

Gurutze Gorriak antolatuta, Olazar Erretiratuen Elkarteko kideentzat tableten eta eskuko telefonoen hastapen ikastaroa hasi dute, talde txikietan banatuta; parte-hartzaile bakoitzaren beharretara egokitutako saio pertsonalizatuak izango dira.

Ez da lehenengo aldia Debagoieneko Gurutze Gorriak Olazar Erretiratuen Elkarteko kideentzat tableten eta eskuko telefonoen hastapen ikastaroa antolatzen duela. Eskoriatzako erretiratuek eskatuta, eta Olazar Erretiratuen Elkarteko Juntakoek beharra ikusita, berriz ere ikastaroa antolatzea erabaki dute, pandemiaren ondorioz behar hori handitu egin dela ikusita.

Teknologia berriak erabiltzeko zailtasunak dituzten edo teknologia berriak erabiltzeko gaitasun digitalik ez duten 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago ikastaroa. Aste honetan hasi dira, eta datorren astean ere batuko dira zenbait lagun, bi taldetan banatuta, egunerokotasunean erabiltzen diren gailuen gainean gehiago ikasteko asmoz.

Talde txikietan ikasten

"Lau orduko ikastaroa ematen ari gara Olazarren Erretiratuen Elkartean. Batez ere, tableta erabiltzen erakutsiko diegu partaideei, nahiz eta mugikorrarekin dituzten zalantza guztiak ere argituko dizkiegun. Pandemiak erakutsi digu gailu hauen beharra dutela nagusiek, eta, beraz, oinarrizko kontzeptuak irakatsiko dizkiegu", adierazi du Alba Casaresek, Debagoieneko Gurutze Gorriko teknikariak. Gaineratu du zortzi laguneko taldeetan banatuta ari direla ematen saioak. Horrela, ikastaroan tableta erabiltzeko garaian maila ezberdinak dituzten kideak egon arren, hein batean, ikastaro pertsonalizatua eskaintzeko aukera ematen da.

Besteak beste, helburu ugari ditu tailerrak: tramite digitalak egitea –prestazioak eskatzea, kudeaketa administratiboak eta abar–; gailu teknologiko bat nola erabili jakitea; online kudeaketak egiteko konektibitatea izatea; eta ezagutza digitalak eskuratzea. Hala ere, partaideen beharretara egokituko dira saioak. Oinarritik hasi, eta ahal dutenera arte.

Elkartearentzat aberasgarria

Olazar Erretiratuen Elkarteko kideek begi onez ikusten dute horrelako tailerrak izatea, eta adin nagusiko jendeak zailtasunak dituela adierazi. "Hutsetik hasita, tableten eta mugikorren erabilera ikasten hasi gara, parte-hartzaile bakoitzak ikasi ahal duen neurriraino. Mugikorretako pantailaren atzeko horma-irudia aldatzea, Whatsappez argazkiak eta bideoak bidaltzea, Facebook erabiltzea, aplikazioak jaistea, banketxearekin egin beharreko eragiketak egitea… Beharrezkoa da jakintza", adierazi du Jasone Orbegozok, Olazar Erretiratuen Elkarteko kideak.

Era berean, Olazar Erretiratuen Juntan aldaketak egin behar direnerako ere garrantzitsua dela uste dute erretiratuen kopuru handi batek teknologia berrien jakintza minimo bat izatea. "Erretiratuen elkarteko batzordea bi urtetik behin aldatu egiten da. Kontua da sarritan izaten dugula jendea Internet eta gailuak ez dituena erabiltzen, baita ez dakitela erabiltzen esaten dutenak ere. Hori horrela, kezka bat ere kendu nahi dugu gainetik, beti pertsona berak ez izateko bueltaka batzarrean".

Izen-ematea zabalik dago

Ikastaroak Olazar Erretiratuen Elkarteko sukalde pareko gelan ari dira egiten, eta, dagoeneko ikastaroa hasita dagoen arren, saioetan parte hartzeko aukera dagoela gaineratu du Jasone Orbegozok. "Kurtso motzak eta jende gutxikoak izatea nahi dugu, hobeto ikasteko. Hala ere, zabalik gaude, eta, hain zuzen ere, ondo funtzionatzen badu, gehiago eta gehiagotan antolatuko ditugu halako saioak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak