'Biziberritu' proiektuak beste urrats bat egingo du

Uxue Igarza Loiola 2022ko uzt. 6a, 19:38

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Alexander Barandiaran eta Larraitz Esnaola ikertzaileek esperimentazioa dute aztergai. Hezkuntzan estrategia hori baliatzeak dituen onuren gaineko liburua argitaratu zuten iaz, eta Biziberritu proiektuaren proba pilotua abiatu dute aurten.

Hainbat enpresak soberan duten materiala bildu eta ikastetxeetara eraman dute, haurrek beste euskarri batzuekin "gozatu" eta "ikasteko".

Proba, zortzi ikastetxetan

Gipuzkoako zortzi ikastetxek hartu dute parte proba pilotuan; beste modu batera esanda, guztira, 1 eta 12 urte bitarteko 150 haur murgildu dira egitasmoan. Bestetik, bost kooperatiba izan dira material soberakinak eman dituztenak: Kiro Grifols, Fagor Elektronika, Ternua, Irizar eta Orbea. Alexander Barandiaran koordinatzaileak azaldu du "askotariko materiala" dela haurren eskura jarritakoa: "Orbeak bizikleten piezak eman dizkigu; Ternuak, oihalak eta haria biltzeko euskarriak; Irizarrek, berriz, autobusetako aire girotuen piezak".

Bestetik, hezkuntzaren esparruari dagokionez, esperientzia "oso aberatsa" izan dela azpimarratu du: "Inoiz ikusi gabeko material hori eskuetan izatean, zientzian gertatzen diren fenomenoetara gerturatu dira. Modu askean esperimentatu dute, eta, horrela, sormena asko garatu dute. Jolasa ere oso aberatsa izan da, eta harremanak modu egokian egin dituzte".

Esperientziak partekatuta

Proba pilotuan izandako esperientziak partekatzeko, ekainaren 20an jardunaldiak egin zituzten Eskoriatzako fakultatean. Barandiaranek azaldu duenez, esperimentazioaren fenomenoa "hiru erpinetatik" aztertu zuten; zientzia, sormena eta jolasa izan zituzten berbagai. Balorazio positiboa egin zuten koordinatzaileek eta irakasleek, eta "bidean jarraitzea" adostu zuten.

Bailaran txertatzeko asmoa

Barandiaranek adierazi du udalekin, momentu honetan, ikastetxeekin eta elkarteekin harremanetan jartzen ari direla "gaia dimentsionatzeko": "Erakundeekin elkarlanean jardun nahi dugu, eta esperientzia pilotua Debagoienera zabaldu. Asmoa da bertako ikastetxeekin batera gure proiektua eraikitzea eta kooperatibek emandako materialek eman ditzaketen aukerak aztertzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak