Aste Zapatistan egindakoekin "gustura", egun handia iristeke

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 16a, 15:48

Aste Zapatista Eskoriatzan antolatzen den 22. aldia da aurtengoa. Hasierako helburu berak jarraituz egituratu dute aurtengo programa, eta kontzientziak esnatzea, ondo pasatzea eta aniztasunean elkartuz elkar ezagutzea dira zutabe nagusiak.

Astelehenean hasi zituzten EskoZap elkarteko kideek aurtengo Aste Zapatistako ekintzak. Hala ere, egun bat lehenago apaindu zituzten, urtero moduan, herriguneko bazterrak, eta askotariko mezuekin egindako pankartak jarri zituzten hainbat eraikin eta balkoitan, herritarrak kontzientziatzeko asmoz.

Hori horrela, egitarauari hasiera emateko, Xebe Diezen Euskara, jatorrizko hizkuntza eta sorkuntzaren soinua izenpean hitzaldia izan zuten. Jende dezente batu zen bertan, eta solasaldi ederra izan zutela adierazi du Iurre Romaretazabalak, EskoZap elkarteko kideak: "Hitzaldia oso interesgarria izan zen. Hamabost lagun inguru batu ginen bertan, eta gauza askoren baitan ikasteko tartea izan genuen. Martitzenean, berriz, bero handia egin zuen, eta ezin izan genituen Jose Arana zaharren egoitzako egoiliarrak paseatzera atera, baina Fernando Eskoriatza plazara eta Gernika plazara joan ziren. Haurrentzako piñatak izan genituen eta Dorleta Kortazar eskoriatzarrak ipuin kontaketa ederra eskaini zuen".

Haurrak piñatekin gozatzen, Fernando Eskoriatza plazan.

Jose Arana zaharren egoitzako egoiliarrak ipuin kontaketan, Gernika plazan.

Xebe Diez Euskara, jatorrizko hizkuntza eta sorkuntzaren soinua hitzaldia ematen, kultura etxean.

Bideokonferentzia Mexikorekin

Asteko ekintzen artean, azpimarratzekoa eguaztenean Zaldibar antzokian egin zuten bideokonferentzia izan zen. "Chiapasko Colectiva Cerezako kideekin bideo-deia egin genuen, bertako errealitatearen gainean gehiago jakiteko asmoz. Colectiva Cerezako kideek kartzelan dauden emakumeekin egiten dute lan; hainbat arrazoirengatik, askotan bidegabeki, espetxean dauden edo egon diren emakumeei laguntzen diete. Kasu askotan, laguntza jaso duten emakume horiek, beraiek ere laguntzen amaitu dutela ere azpimarratu zuten testigantzak eskaini zituztenek. Guztira, 126 emakume atera dituzte kartzelatik, eta ekintza horren gainekoak izan genituen entzungai".

Chiapasko Colectiva Cerezako kideekin bideo-deia egiten.

Astebururako gogoz

Gaur arratsaldan egingo dituzten ekintzez gain, egubakoitzerako eta zapaturako ere programa betea dute antolatuta. Beste mundu bat posible delako urteroko saioa eskainiko du Iurre Romaretazabalak Luis Ezeizan. Horrekin batera, Gaztetxef lehiaketa eta Andoni Altube EskoZap elkarteko kidearen omenez egingo duten aldarea izango dira, heriotzaren tabuari aurre egiteko. Gero, Oihu taldearen kontzertua izango da Inkernun, eta zapatuan, bigarren eskuko azoka, bazkari mexikarra, Rosa Sanchezekin poteo musikatua, magia eta tonbola, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak