Lau gunetan banatuta, kirol elkartearen festa

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mai. 27a, 10:41

Herriko lau txoko ezberdinetan –Fernando Eskoriatza plaza, Manuel Muñoz kiroldegia, Zaldibar antzokia eta Ibarraundi museoa– banatuta izango dira ekintzak, eta egun handia zapatukoa izango da. Hala ere, domekan ere jarraituko du festak.

Atzo, eguena, hasi ziren Eskoriatzako Kirol Elkartearen Festako ekintzak, Izan Eskozale kanpainaren gaineko aurkezpenarekin. Bazkideak eta laguntzaileak kirol elkartera batu nahi dituzte, eta, horrekin batera, Eskoriatza kirol Elkarteko zuzendaritza taldera batuko direnak ere aurkeztu zituzten, antzokian. "Beti dugu laguntza beharra, eta lau lagun gutxienez batuko zaizkigu juntara; hiru emakumezkoak dira eta bat gizonezkoa", adierazi du Jabi Corbalek, Eskoriatza Kirol Elkarteko presidenteak.

Gaur, berriz, areto futbolean erreferente bat den Jesus Candelas entrenatzailearen hitzaldia izango da, Ibarraundin. "Gurean aski ezaguna da Candelas, eta zenbait bider egon da haren jakituria transmititzen, egun honen bueltan. Hala, oraingoan ere areto futbolaren gainekoak ekarriko ditu, eta seguru interesgarria izango dela…", adierazi du Corbalek.

Egitaraua:

Egubakoitza, 27 

20:00 Jesus Candelasen hitzaldia, Ibarraundin.

Zapatua, 28

• 10:00 Kirol elkarteko jokalari ohien areto futboleko partidua, kiroldegian.

• 12:30 Bigarren eskuko merkatua. Kirol elkarteko kamiseta historikoak… plazan.

• 12:00 Urolatarrak txaranga.

• 12:00 Haurrentzako eskulanak, plazan.

• 14:45 Paella erraldoia, plazan.

• 16:00 Binakako saskibaloi txapelketa, plazan.

• 17:15 Kalejira plazatik kiroldegira.

• 18:00 Eskoriatza-Sasikoa Hirugarren Maila Nazionaleko partidua, kiroldegian.

• 19:30 DJ Goiko, plazan.

• 19:30 Parrillada, plazan.

• 23:59 Txupinazoa, plazan.

Domeka, 29

• 09:00 Areto futbol topaketa, kiroldegian.

Programa betea zapatuan

Zapatuan, 10:00etan, Masters partidua izango da; Eskoriatza Kirol Elkarteko jokalari ohien partidua jokatuko da kiroldegian. Ondoren, 12:30ean, bigarren eskuko merkatua izango da, plazan. Bertan, kirol elkarteko vintage arropa salmenta izango da. Hau da, Eskoriatza Kirol Elkartearen historiaren zatitxo bat erosi ahal izango dute interesdunek. Horrekin batera, Urolatarrak txaranga goiza girotzen izango da, eta umeentzako eskulanen txokoa ere jarriko dute.

Eguerdian, paella erraldoia egingo dute, eta, bapo jan ostean, bazkalostean jarraituko du festak. 16:00etan, saskibaloi tiro lehiaketa izango da, bikoteka, eta 17:15ean, berriz, kalejira egingo da plazatik Manuel Muñoz kiroldegiraino, Hirugarren Maila Nazionaleko Eskoriatza areto futbol taldearen eta Sasikoaren aurkako partidua ikusteko eta animatzeko. Partidua amaitzean, DJ Goiko izango da musika jartzen, plazan, eta ordu berean parrillada erraldoia prestatzen hasiko dira. Eguna amaitzeko, 23:59an, suziria jaurtiko dute.

Zapatukoak eginda, festari amaiera emateko, areto futboleko eskola mailako topaketa egingo da, 09:00etatik 13:00etara bitartean, kiroldegian. "Kasu honetan gaztetxoentzat zuzenduta dago, eta Tolosako eta Lasarteko klubetako gaztetxoen bisita ere izango dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak