Kulturaren alde, programazio betea

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mai. 6a, 15:10

Zapatuan ospatuko da Eskoriatzako Atxorrotx Kultura Elkartearen eguna. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute, askotariko ekintzekin, adin guztientzat zuzendutakoak, eta, orain arteko ildo beretik jarraituz, musika ardatz dutenak.

Atxorrotx Kultura Ekarteak, urtero moduan, elkartearen eguna ospatuko du zapatu honetan. Programazio betea eta adin guztiei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte egun osorako; betiere, kultura ardatz izanda.

Txistularien kalejirak emango dio hasiera jaiari, eta, herritarrak esnatu ostean, Fernando Eskoriatza plazan puzgarriak izango dira txikienentzat. Horrekin batera, talo goxoak prestatuko dituzte, eta horretan Eskoriatzako Talogileen taldeko kideen laguntza izango dute. Horrekin batera, ez du hutsik egingo urteroko ziza-errifen salmentak.

Paella-janean jendetza

Herri bazkaria ere egingo dute, eta menua paella izango da, postrearekin, edariarekin eta kafearekin. Hala, haurrek hamar euro ordaindu beharko dute eta, helduek, berriz, hamabost euro. Txartelak Inkernu tabernan daude salgai, eta horiek erosteko azken eguna gaur, egubakoitza, izango da. "150 lagunetik gora batuko gara bazkaltzeko, eta, azken unean animatzen direnak ere beti izaten direnez, 130 lagunetara iritsi gaitezkeelakoan gaude. Guretzat kopuru ona da; izan ere, pandemia aurretik gutxiago batzen ginen, eta honek erakusten du jendea parte hartzeko gogoz dagoela", adierazi du Edorta Barandiaranek, Atxorrotx Kultura Elkarteko lehendakariak.

Rockak ez du mugarik

Musikak ere ez du hutsik egingo zapatuan; izan ere, Motxila 21 taldekoak izango dira oholtza gainean kontzertua eskaintzen. 2017an ere izan ziren Eskoriatzan, eta orduko arrakasta bera izateko asmoz etorriko dira berriz ere. "Motxila 21 taldearen helburu bakarra ez da soilik musika egitea. Integratzeko modu bat da, jendearekin harremanak izateko, eta gurean izan zirenean oso ondo konpondu ginen haiekin; berriz etortzeko eskaintza egin genienean, beste eskaintza bat zutela esan ziguten, baina gure aldeko apustua egin dute. Hori horrela, behar duten moduan erantzun nahi diegu guk ere…", adierazi du Edorta Barandiaranek.

Motxila 21 Down Sindromea Elkarteko hamabost gaztek osatutako musika taldea da, beste hainbat kolaboratzailerekin batera, eta rock estiloa lantzen dute. Musikaz gozatzea eta zailtasunei aurre egitea mahaien helburua, eta 19:30ean eskainiko dute emanaldia eskoriatzarren aurrean. Gauean, berriz, eguneko programa amaitzeko, 22:30ean, DJ Elvis Caino izango da musika jartzen Inkernu tabernan.

Egitaraua

• 11:30 Txistulariekin kalejira.

• 12:00 Puzgarriak, Eskoriatzako Talogileek prestatutako taloak eta ziza-errifen salmenta.

• 14:30 Paella-jana. Txartelak Inkernu tabernan daude salgai.

• 18:00 Buruhandiak.

• 19:30 Motxila 21 taldearen kontzertua.

• 22:30 DJ Elvis Kaino, Inkernu tabernan.

Elkartea, osasuntsu

Bi urte geldi samar egon ostean, elkartea indartzeko pausoak eman nahi dituzte aurten, eta horretarako, urteroko ekintzak egiten jarraitzeaz batera, herrian antolatzen ari diren beste hainbat elkarte eta hitzordurekin kolaboratzen jarraituko dutela esan du Barandiaranek. "Bazkide kopuru bera mantentzen dugu; guztira, 90 pertsona inguru daude Atxorrotx Kultura Elkartean. Zazpi elizateen martxan, Gabez Takarraranen ere izango gara laguntzen, eta, biharko egunak lan asko ematen digun arren, gure ekintza handiena prestatzen ere ari gara: Errekan Gora. Uztailean antolatzetik iraileko asteburu bakarrera mugatu genuen, proba gisa, eta aurten ere hala egingo dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak