Literatura Juntaixen, proposamen ugari

Imanol Beloki Unamuno 2022ko api. 28a, 18:13

Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako Literatura Juntaixe ekitaldia egubakoitzean, 18:30ean izango da Zaldibar antzokian. Oholtza gainera igotzera animatuko diren lau herritarrek zenbait libururen pasarteak irakurriko dituzte, musikaz lagundutako saioan.

Aurreko edizoetako formatuak funtzionatu duela ikusita, modu berean egingo dute Literatura Juntaixeren aurtengo edizioa, Arantxa Unzueta Eskoriatzako Kultura teknikariak adierazi duenez: "Literatura Juntaixe ekitaldi bat da, literaturazaleak liburuen eta musikaren artean elkartzeko, eta jendaurrean haiek irakurritakoa elkarbanatzen dute".

Euskaraz idatzitako liburuak zein gazteleraz idatzitakoak proposatuko dizkiete oholtza gainera igotzen diren irakurleek Zaldibar antzokian batzen diren herritarrei. Hala, liburu ederren artean bildurik, irakurketak partekatzeko ekitaldia Dorleta Kortazarrek gidatuko du, eta irakurleak, berriz, Miren Diaz de Gereñu, Itziar Belategi, Loli Muñoz eta Dorleta Lezeta izango dira. Sarrera doan izango da, antzokiaren edukiera bete arte.

Diaz de Gereñuren aukeraketa

Miren Diaz de Gereñu eskoriatzarrak, esaterako, bi liburu eramango ditu Zaldibar antzokira, eta horien nondik norakoak eskainiko dizkie herritarrei: "Bi liburu eramango ditut, eta horiek proposatu. Batetik, David Seifer idazlearen lan bat aukeratu dut. Modu barregarrian idazten du, jatorra da, adeitsua, gaitasun asko ditu…; etxerako moduko gizona da idazteko moduagatik. Nik, normalean, gazteleraz irakurtzen ditut liburuak, eta horregatik aukeratu dut gazteleraz idatzitako liburu bat. Horrez gain, nire irakurtzeko erritmoekin bat etortzen da poesia, eta Joan Mari Irigoienen poesia bat nuen aukeratuta, baina aldatzea erabaki dut azken unean. Izan ere, Aste Santuko oporraldiaren aurretik Mikel Etxaburu izan zen Eskoriatzan liburua aurkezten, eta haren azken laneko zati batzuk irakurriko ditut sarrera moduan Literatura Juntaixen".

Literaturzaleek euren gomendioak eskainiko dizkiete herritarrei

Horrekin batera, gainontzeko partaideen proposamenak entzuteko gogoz dagoela gaineratu du Diaz de Gereñuk. Aurreko edizioetan gertatu zaion moduan, entzundako proposamenek beti pizten diotela irakurtzeko gogoa adierazi du: "Ez dakit zein irakurketa proposamen egingo dituzten gainontzeko irakurleek, baina ni erakarri egiten naute besteen proposamenek".

Literatura eta musika

Irakurketak girotzen eta, bide batez, ekitaldi berezia osatzen arituko diren musikariak Beñat Arrieta eta Gari Barandiaran eskoriatzarrak izango dira. Besteak beste, Katamalo, Ken7 eta Ibil Bedi taldeen kantuak eskainiko dituzte, biek gitarra erabilita. "Bigarren urtez hartuko dute parte Arrietak eta Barandiaranek ekitaldi honetan. Aukeratu dituzten kantuek literaturarekin zerikusia izango dute, gainera; olerki baten oinarrituta daudelako edo liburu bati erreferentzia egiten diotelako zenbait kasutan", dio Unzuetak.

Gaineratu du ekitaldi berezia izaten dela, eta literaturazale guztiei egin die gonbita bertaratzeko: "Sekula irakurriko ez zenukeen liburuen berri izan dezakezu, eta zer irakurri ez dakiten horientzat hitzordu paregabea dela esango nuke".

Dinamikoa eta goxoa

Joan den urtean egindako ekitaldiaren bide beretik antolatu dutela hitzordua adierazi du saioa gidatzen arituko den Dorleta Kortazarrek: "Lau pertsonak aukeratu dituzten liburuez arituko gara berbetan. Haien literatura zaletasunari buruz galderaren bat egingo diet sarrera moduan, tertulia formatuan. Ondoren, zergatik aukeratu duten liburu hori azaltzeko eskatuko diet, eta amaitzeko, gonbidatu bakoitzak liburuaren pasarte bat irakurriko du. Hau guztia musikarekin tartekatuta izango da, eta oso giro goxoa, atsegina eta gertukoa sortzen saiatuko gara denon artean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak