"Historikoak": 5,3 milioi euroko aurrekontua onartu du Eskoriatzako udalbatzak aho batez

Imanol Beloki Unamuno 2021ko abe. 20a, 19:26

Eskoriatzako 2022ra begirako aurrekontua 5,3 milioi eurokoa izango da –5.321.120 euro–, iaz baino %3,2 gutxiago. Horrekin batera, nabarmentzekoa izan da udal talde guztiek aho batez onartu dutela, Udal gobernuak oposizioaren zenbait ekarpen aurrekontuan txertatu ostean, eta adostasunera iritsita.

Eskoriatzak duen egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, era telematikoan egin berri dute abenduko ez ohiko osoko bilkura udalbatzako kideek. Bertan, besteak beste, 2022ko ekitaldirako aurrekontu orokorra onartzea izan zuten hizpide Eskoriatzako udalbatza osatzen duten ordezkari politikoek.

"Aurrekontu historikoak"

Aurrekontuak onartu aurretik, honela laburbildu ditu Josu Ezkurdiak, EAJko bozeramaileak 2022ko aurrekontuak: "Iaz, hankaz-gora jarri behar izan genituen aurrekontu guztiak pandemiaren eraginez, eta aurten egonkortu egin dira. Hala, agintaldi honetako ildoa jarraituz apustua egin dugu inbertsioen aldetik, eta, baita dirulaguntza arrunten aldetik ere. 5,3 milioiko aurrekontuak izango dira, eta hau horrela izan daiteke Foru Funtsa ohiko kopurura iritsi delako.  Guztira, hiru milioi pasako kantitatea izango da; iaz aurreikusten genuena baino %11 gehiago. Pertsonal gastuek legeak agintzen duen moduan %2ko igoera izango dute, eta gastu arruntak eta mantenuko gastuak eten ditugu; udal ekintzak egin ahal izateko, eta dirulaguntzak mantendu ahal izateko, eta baita inbertsioko kapitulu garrantzitsu bat egiteko".

Horrekin batera, honakoa gaineratu zuen Ezkurdiak: "Bi udal taldeei eskertu nahi diet beraien jarrera, aurrekontu hauek kopuruagatik ez, baina, onarpen aldetik, historikoak izango direlako. Beraz, poztekoa da".

Inbertsio nagusiak

Lau inbertsio nagusi azpimarratu dituzte. Elizateetara 106.000 euro bideratuko dituzte, argiteriarako eta bideen hobekuntzak egiten jarraitzeko izango dena. Horrekin batera, Dorleta auzoko haur parke berrirako 80.000 euroko partida bat ezarri dute. Luis Ezeiza ikastetxeko lanetarako, aldiz, 50.000 euro, eta Gatz Bidea hobetzeko 15.000 euro.

EH Bilduren adostasuna

EH Bilduk hiru emendakin egin ditu aurtengo aurrekontuetan, eta horrela laburbildu zituen egindako proposamenak, eta Udal Gobernuarekin bat datozen puntuak, Nestor Aranak, EH Bilduko bozeramaileak: "Hiru emendakin egin ditugu aurtengo aurrekontuetan, baina ikusi dugu iaz egindako emendakin batzuk ere txertatu direla. Puntu gehienetan adostasuna izanda, hor gure gure baietza. Puntu garrantzitsuena, GOIENAK bere aurrekontua, bere baitan, adostutako horretara itzultzen dela, eta hori begi onez ikusten dugu, iaz eztabaidatu genuen moduen. Guretzat puntu kritiko edo elementu esentziala izan da gure baiezkoa emateko. Horrekin batera, Jose Arana zaharren egoitzara begira, Pausu Berriak ekimenak onurak ematen dizkie gure nagusiei eta partida pixka bat igotzea eskatu dugu. Honekin batera, lehen sektorera begira, aurrekontuetan sartu ez arren, nahiz-eta daudenak begi onez ikusi, makinaria berria edo bigarren eskukoa eskuratzeko izango zen. Landuko dela ikusi dugu Elizateekin batera, ikuspegi oso bat izan ahal izateko, eta egoki ikusi dugu. Bestetik, Luis Ezeizarako obrak ere egin dira, baina, badaude beste behar batzuk, eta hor bat gatoz. Gatz Bidea ere bada beste puntu bat ados gaudena. Gatzagako herriarekin hainbat urtetan egindako elkarlan hori indartu egingo litzakeelako. Trantsizio energetikoaren inguruan ere behar batzuk ditugu eta bat gatoz plan hori konkretatzea komeni dela… Eta esan beharrik ez dago Dorletako pasabidea, Bidebarrieta edo Intxaurtxuetako irisgarritasun plana".

Elizateen ekarpenak onartuta

Eskoriatzako Elizateen Elkarteak eta EH Bilduk proposamenak egin zizkioten 2022ra begira Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuei. Eskoriatzako Elizateen Elkarteko Leire San Vicente bozeramaileak honakoa adierazi du: "Bi proposamen egin genituen batzordean, diru kopuru totalean ez zuten eraginik, baina, partiden arteko konpentsazio bat egiteko proposamena zen. Bata zen, elizateetako mantenimendurako bideak 8.000 euroko partida, 15.000 eurotara igotzea izan da, aurrekontu hori bere osotasunean izanda, solbentzia gehiagorekin hartu daitezkeelako erabakiak. Hori egiteko, inbertsiotako partidatik murrizketa bat egitea erabaki zen 25.000 eurotatik 18.000 eurotara. Begi onez ikusi zen. Horrez gain, aurrera begira, taxi proba pilotu horrek zein ibilbide duen, nondik finantzatzen dugun… ikusi beharko dugu".

2022ko aurrekontuak aho batez onartu ostean, Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak honakoa nabarmendu zuen: "Alkate bezala harro nago gaurko emaitzarekin, eskerrik asko guztioi; poztekoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak