Material birziklatuekin herria apaintzeko deia

Imanol Beloki Unamuno 2021ko aza. 25a, 18:02

Eskoriatzako udalak material birziklatuekin egindako Gabonetako apaingarrien lehiaketa antolatu du, eta horrekin jendea gonbidatu nahi du gabon jaiez modu arduratsuan, parte-hartzailean eta ingurumena errespetatuz gozatzera.

Eskoriatzako lorategiak, parkeak, zuhaitzak, plazak, herriko txokoak... apaintzeko lehiaketa abiatu du Eskoriatzako Udalak. Taldeka edo banaka hartu daiteke parte, eta egitasmoaren helburua da botatzeko diren hondakinak erabilita, horiei beste erabilpen bat emanda, Gabonetako apaingarriak egitea eta horiekin espazio publikoak apaintzea.

Espazio publikoetan bakarrik

Jendea kontzientziatu nahi dute egunero sortzen den hondakin kopuruaz eta horrek sortzen duen ingurumen arazoaz. Horrekin batera, beharrezko ez diren kontsumoak saihesteak duen balioaz jabetzea eta ohiko apaingarriak erabili beharrean egon daitezkeen alternatibak bilatzea ere bada helburua. "Iaz egin genuen lehenengo aldiz, eta espero genuen baino jende gehiagok hartu zuen parte. Hala, berrikuntzekin dator aurtengo edizioa. Iaz, posible zen balkoiak, leihoak, atariak eta abar apaintzea, baina ikusita espazio publikoak izan zirela, batez ere, apainduak, eta kontuan izanik zenbait kasutan leihoak, atariak eta bestelakoak kaletik ez direla ikusten, soilik espazio publikoan egitearen aldeko apustua egin dugu", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak.

Izen-ematea, ezinbestekoa

Kuadrilla, talde edo norbanako guztiek parte hartu ahal izango dute, baina, horretarako, posta elektroniko bat bidali beharko da, abenduaren 16a baino lehen, hazi@eskoriatza.eus helbidera edo 650 49 51 66 telefonora honako datu hauekin: arduradunaren izen-abizenak, apainduko den espazioa eta horren argazkia. Eta gero, antolatzaileen oniritzia jasotakoan apaindu ahal izango da gunea. "Hala egitea erabaki dugu; izan ere, modu librean utzita baliteke gertatzea bi taldek leku bera apaindu nahi izatea...", adierazi du Unzuetak.

Teknika librea izango da, eta Gabonetako ohiko objektu bihur daitekeen edozein hondakin erabili ahal izango da: plastikozko botilak, diskoak, latak, tetrabrikak, bizikleta gurpilak, telak, kortxoa, beira eta egurra, esaterako, eta apaingarriei argiak ere jarri ahal izango zaizkie, nahi izanez gero. Talde, elkarte edo norbanako bakoitzak bere lana ere zaindu beharko duela erakusgai dagoen bitartean jakinarazi dute Eskoriatzako Udaletik.

Epeak, ezarrita

Apaingarriek jarrita egon beharko dute abenduaren 19ko 14:00etarako, eta Gabonetan egongo dira ikusgai, urtarrilaren 7ra arte. Hala, urtarrilaren 10erako kenduta egon beharko dute apaingarri guztiek, eta, zaborretara bota behar baldin badira, behar den moduan birziklatu beharko direla adiera-zi dute antolatzaileek.

Balorazio irizpideak

Epaimahaiak abenduaren 19 eta 21 bitartean baloratuko ditu herrigunean zehar ezarritako lan guztiak, eta sariak abenduaren 22an jakinaraziko dira. Hori horrela, ondorengo alderdiak hartuko ditu kontuan epai-mahaiak Gabonetako apaingarri lehiaketako lanak baloratzeko orduan: sormena, materialak eraldatzeko erabilitako teknika, ahalik eta erositako material gutxien erabiltzea, erabilitako materialak, diseinua, zailtasuna eta berrerabilitako materialen aprobetxamendua.

Sariak, berriz, dirutan emango dira: lehenengo saria 300 eurokoa izango da; bigarren saria, 200 eurokoa; eta hirugarren saria, 100 eurokoa. Horrekin batera, 30 euroko hamar sari zozketatuko dituzte parte-hartzaile guztien artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak