"Alde batetik, ikusita argiteria asko igotzen ari dela, eta, bestetik, gasa ere igoko dela, pentsatzen genuen Eskoriatzako zenbait familiak arazoak izango zituztela, garbi esanda, kalefakzioa pizteko negu honetan. Hori ikusita, dirulaguntza berri bat sortzea planteatu genuen, Energia bonua deitu dioguna, eta 30.000 euroko partida bideratu dugu. Aurreikuspenen arabera, laguntza behar duten 200 bat familiarentzat emango digula uste dugu...", adierazi zuen Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak.
Azaroaren 25a hizpide
Udal Gobernuak Eudeletik zetorren adierazpen instituzionala aurkeztu zuen, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren baitan, eta, EH Bilduk egoki ikusi arren, aurka bozkatu zuen, herritarrek ekintza zehatzak eskatzen dituztela argudiatuta. Horren aurrean, honakoa adierazi zuen Ezkurdiak: "Pena izan da proposamen instituzional hori, guztiok ez onartzea. Hala ere, bi udal taldeok gure proposamena egin dugu, eta antzekoak ziren. Egia da, EH Bilduren proposamenak ekintza zehatz gehiago zituela, baina, uste dugu teknikariekin batera, batzordeetan hobeto landu behar direla horiek. Hala ere, herritarrei transmitituko nieke udal talde guztiek oso garbi dugula elkarrekin lan egin behar dugula indarkeria matxistarekin amaitzeko". [Onartutako mozioa]
Ekintza zehatzen beharra
EH Bilduk, bestalde, Eudelen adierazpena egokia dela adierazi arren, gizarteak konpromiso zehatzak eskatzen dituela nabarmendu zuen. "Ezinbestekoa da herriko talde feminista edo emakume elkarteekin berba egitea, beraien ikuspuntua jakitea, eta zer nahi duten jakitea, eta zertan lagundu dezakegun jakitea", adierazi zuen Eluska Irazuk, EH Bilduko bozeramaileak. Gaineratuz, ekintzetako bat izan daitekeela, indarkeria matxistaren gai lantzea kultura arlotik.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bueltako ekintzak honakoak izango dira egunotan:
- Sasiak eta haziak dokumentala proiektatuko da gaur, eguaztena, 19:00etan Zaldibar antzokian. Aialdeko zazpi emakumeren bizipen eta hausnarketak jasotzen dira bertan, eta sarrera librea izango da, eserlekuak bete arte.
- Azaroaren 25ean, elkarretaratzea, 19:00etan.
-Azaroaren 25ean, 19:30ean, emakumeentzako autodefentsa tailerra, Joseba Iñurrategi pilotalekuan. Atama Eskoriatza taldeko Leire Ratok, Argitxu Zubillagak eta Ariane Piñerok eskainiko dute.
- Azaroaren 26an, Irene Costumeroren hitzaldia antolatu du Eskoriatzan Feminismoa bizirik talde feministak. Kultura etxean izango da, 18:30ean, eta gaztelerazko hitzaldiaren izenburua, Síndrome de Alienación Parental izango da.