'Assugeko erregea': fantasiazko mundu batean girotutako eleberria

Aitor Agiriano Arrese 2021ko aza. 4a, 09:11

Xabier Oianguren eskoriatzarrak bere lehenengo liburua argitaratu berri du, Letrame argitaletxearekin elkarlanean. Fantasiazko eleberriak ditu gogoko eta bere literatura gustuei jarraituz idatzi du jarraipena izango duen istorioaren lehen pasartea.

Bertan kontatzen den istorioa fantasiazko mundu batean girotuta dago. Abentura izugarri batean murgiltzen da protagonista; mendekua, erredentzioa, adiskidetasuna eta kendutako erreinua berreskuratzeko borroka nahasten dituen abentura batean, hain zuzen ere.

Zer-nolakoa da argitaratu berri duzun Assugeko erregea liburua?

Fikziozkoan oinarritutako lan bat da, eta pertsonaia askoz beteta dago. Assugen gertatzen da istorioa, eta kolore askotariko hamabi zaldun daude. Horietako baten laguna da protagonista, eta hark hotzez hiltzen ikusten ditu bere gurasoak. Hotzez hiltzen utzi dituenaren mendeku bila hasten da protagonista.

Zenbat denboran ibili zara liburua idazten?

Iaz, Aste Santuaren bueltan hasi nintzen liburua idazten, eta bi hilabete inguru aritu nintzen lan horretan; lehenbizi, eskuz idatzi nuen, eta gero, ordenagailuz. Denbora laburrean egindako lana dela dirudi, baina pertsonaiei forma emateko lanketa egiten aurretik hasi nintzen. Guztira, ehun ale argitaratu ditut.

Zertan inspiratu zara fikziozko lan hau egiteko?

Eragon, Juego de tronos filmaren saga eta Eraztunen jauna bezalakoak argitaratu zirenetik oso gustuko izan ditut, eta horietatik badu apur bat eleberriak. Gerraz eta intrigaz betetakoa da, besteak beste. Hala ere, pertsonaiak eraikitzeko garaian, fikzioa alde batera utzi, eta errealitatean ere zentratu naiz, modu batera edo bestera. Adibidez, yogan aritu izan naiz, eta pertsonaietako batek halako ezaugarriak ditu; beraz, nire sentimendu edo izaeraren zertzeladak baditu protagonistetako batek. Errealitateko pertsonaiak ere sartu ditut eleberrian; liburuko pertsonaiak dira, esaterako, nire hiru lagun.

Fantasiazko bestelako lanetan agertzen ez diren ezaugarriak batzen ditu eleberriak

Zer du berezia liburu honek? Zergatik irakurri beharko genuke?

Istorio oso polita da Assugeko erregea liburuan kontatzen dena, eta fantasiazko bestelako liburuetan agertzen ez diren ezaugarriak ikusteko aukera izango dute irakurleek. Juego de tronos-ekin alderatuta, esaterako, protagonista batzuk ezin dira hil bortizki. Horrekin batera, istorioan agertzen diren herensugeak berpiztutako gizakiak dira... Berezitasun asko dituela esan daiteke.

Istorioa liburu honekin amaitzen da edo izango du jarraipenik?

Errekonkista garaian oinarritutako istorioak kontatzeko asmoa dut, eta, trilogiak barik, liburu gehiago idatzi beharko nituzke kontatu nahi dudan guztia kontatzeko. Izan ere, liburu honetan ez da oraindik errekonkista hasten, eta hori da asmoa datozenetarako. Amaiera ere badut buruan, baina idatzi ahala aldatu egin daiteke... Beraz, ezin dut askorik aurreratu. Dagoeneko lanean ari naiz bigarren atal batean, 500 orrialdetik gorako bigarren liburu batean, fantasiazko erresuma honetan girotutako liburuen saga oso bat izan daitekeenaren inguruan...

Liburua eskuratzeko interesa duenak zer egin behar du?

Une honetan, ale guztiak etxean ditut; horrenbestez, nirekin zu-zenean jarri daiteke harremanetan interesa duena, sare sozialen bitartez nirekin kontaktatuz, edo mezu elektroniko bat bidalita kasulnatur@hotmail.com helbidera

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak