Ohiko jardueretara bueltatu dira Olazar Erretiratuen Elkartekoak, berritasunekin

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urr. 26a, 15:17

Olazar Erretiratuen Elkarteko kideak normaltasunera bidean, joan den astean antolatutako hitzaldiarekin batera, zapatuan, Aginaga sagardotegira irteera egingo dute, bingoa eta karta-jokoa ere bueltatuko dira, dantza saioak..., besteak beste.

Azarotik aurrera, zenbait ekintza berrartuko dituzte Olazar Erretiratuen Elkarteko kideak. Joan den astean hitzaldi bat antolatu zuten, ohiko jarduerei hasiera emateko. Las perdidas en la vejez, como vivir de forma saludable izenpean, Maite Urzainek, geriatrian espezializa-tutako erizainak eman zuen, Zaldibar antzokian, eta horrekin batera, ohiko jarduerekin ere hasiko dira, eta baita, urtero antolatzen dituzten bidaia, irteera eta bestelakoekin. Hori horrela, zapatu honetan, Aginaga sagardotegira irteera egingo dute.

Urtero egiten duten jardueretako bat da Aginagara irteera, eta aurten, 40 lagun inguru batuko dira egun-pasa egiteko. Urteroko egitarauari jarraituz, antolatu dute eguna, baina, aldaketa batzuk izango dituzte egitarauan: "Normalean, Tolosako azokara joaten gara Eskoriatzatik zuzenean. Bertako produktuak ikusi..., eta gero, Donostiara joan izan gara bueltatxo bat ematera. Aurten, baina, Donostiara beharrean, Usurbilera joango gara zuzenean, bertan bazkalduko dugulako, eta bapo bazkaldu ostean, arratsaldean, Zarautzera joango gara beti bezala malekoitik paseo bat egin, zerbait hartu, eta egunari amaiera emateko", adierazi du Jasone Orbegozok, Olazar Erretiratuen Elkarteko kideak.

Karta-jokoa eta bingoa

Azaroaren 4tik aurrera, karta-jokoa eta bingoa egiten ere hasiko dira. Olazar Erretiratuen Elkarteko sukalde pareko gela erabiliko dute horretarako, beti moduan, baina arau batzuk ezarrita hasiko dira. "Dinamizatzen ari gara, eta ikusiko dugu zenbat erretiratu hasten diren batzen, baina, arau aldaketak izango dira. Horrekin batera, egubakoitzetan egiten genituen dantza saioekin hasiko gara, berriz. Udaberriko bidaia ere antolatzen hasiko gara. Kasu honetan, antolatuta geneukan bidaia, eta dirua bueltatu genuen, beraz, hori ere lantzen hasiko gara zer, nola eta nora egin...".

Gabonetan, berriz, txistor-jana izaten dute urtero, baina, aurten ez da egingo jende asko batzen direlako. Hala ere, opari zozketa izango dutela jakinarazi dute Olazar Erretiratuen Elkartetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak