Ikastaroetan oinarritutako Mugikortasun Astea izaten ari da

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urr. 21a, 18:12

Beste urte batez, herritarrek garraio osasungarriagoak erabili ditzaten kontzientziatzeko Mugikortasun Astea antolatu du Eskoriatzako Udalak, eta Oinez, bizikletaz zein patinetez, segurtasunez ibili da horretarako aurtengo leloa, eta aste osoan egindako ikastaroekin batera, programazioa borobiltzeko, zenbait ekintza izango dira, bihar, egubakoitza, Fernando Eskoriatza plazan.

Iraileko hirugarren astean egin ohi den arren, Mugikortasun Astea urriko hirugarren astean egitea erabaki du aurten Eskoriatzako Udalak. Hala, astelehenetik hasita, zenbait hitzordu izan dira egunero; batez ere, egitaraua osatu duten ekintzak ikastaroak izanda. "Herrian zehar zein herritik kanpo mugitzeko autoaz gain beste aukera batzuk ere badaudela erakutsi nahi diegu herritarrei, eta horiek ondo erabiltzen irakatsi, eta animatu. Horretarako, aste osoko programa izan dugu, eta bihar, egubakoitza emango diogu amaiera, Fernando Eskoriatza plazan antolatu ditugun ekintza sortarekin", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak.

Profesionalek gidatutako saioa

Astelehenean, Oreka bizikleta dendako Javier Castilloren eskutik bizikletak konpontzeko tailerra izan zen Intxaurtxueta auzoko Oreka dendan. Zenbait lagun batu ziren bertan, eta bizikletak konpontzeko hastapeneko ikastaro ederra jaso zuten profesionalen eskutik. Bizikletak dituen piezetatik hasi, oinarrizko kontzeptuak errepasatu eta zenbait aholku ere eskaini zizkien bertaratuei. "Ikastarora joan ezin izan ziren zenbait herritarrek halako beste ikastarorik egingo ote den ere galdetu dute; horrenbestez, arrakastatsua izan zela esan dezakegu".

Haurrak Oreka bizikleta dendako sarreran bizikletei begira, ikastaroa hasi aurretik.

Horrekin batera, martitzenean eta eguenean, patinetan aritzeko ikastaroa izan zen Luis Ezeiza Herri Eskolako kantxan; bi taldetan banatuta, 20 lagun inguru aritu ziren. Eguaztenean, berriz, skatean aritzeko ikastaroa izan zen estazio zaharrean, eta, horrekin batera, udaltzainak ere izan dira ikastetxeetan, oinez, bizikletaz edo patineteetan aritu behar direneko arauak haurrei gogorarazten. Asteari amaiera emateko, bihar , egubakoitza, 17:00etan hasita hitzordu ugari izango dira Fernando Eskoriatza plazan.

Egubakoitzeko bigarren eskuko bizikleta azoka bertan behera geratu arren, ekintza ugari izango dira Fernando Eskoriatza plazan

Astea borobiltzeko ekintza sorta

Bigarren eskuko patinak, patineteak, bizikletak, kaskoak eta bestelakoak saltzeko eta erosteko azoka ere antolatuta zuten egubakoitzerako. Herritarrek astean zehar Manuel Muñoz kiroldegira eramandako materiala salerosteko asmoa zuten, baina, azkenean bertan behera utzi dute ekintza. "Hala ere, ginkana bat izango da, Oreka bizikleta dendakoak bizikleta ezberdinak erakusten egongo dira, bizikleta elektrikoak egongo dira probatzeko, auto elektriko txiki bat ere izango da jendeak ikusi eta probatu dezan…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak