Dantza eta umorea izango dira kale-antzerkian

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 28a, 19:36

Hiru emanaldi programatu ditu Eskoriatzako Udalak kale-antzerki jaialdirako: eguenean, Turisteatzen izeneko ikuskizuna izango da; urriaren 1ean, Gazte dantza ikuskizuna; eta urriaren 2an, Legea gu gara umorezko saioa.

Kalera: Kale-antzerki jaialdia antolatu du Eskoriatzako Udalak hilaren 30erako eta urriaren 1erako eta 2rako, udari amaiera emateko. Izenak dioen moduan, kalean egingo dira ikuskizunak, hiru, eta antzerkia beste formatu batean eskaintzearen aldeko apustua egin dute.

Lehenengo hitzordua irailaren 30ean, eguenean, izango da, 19:00etan, Fernando Eskoriatza plazan, Turisteatzen izenekoa. Trapu Zaharra taldearen lana da, eta oholtzan Santi Ugalde eta Mila Espiga aktoreak izango dira, Oscar Terolek zuzendutako antzezlanean. Bigarren ikuskizuna Gazte izango da, urriaren 1ean, 19:00etan, Santa Marina plazan. Oinkari dantza taldeak eta Hika Teatroak elkarlanean ekoiztutako lana da. Eta azkena, berriz, Legea gu gara umorezko ikuskizuna, 19:00etan, Fernando Eskoriatza plazan izango da.

Kalera ateratzeko gogoz

"Uztailean antolatu genituen zenbait hitzordu kaleko hainbat txokotan, baina bertan behera utzi behar izan genituen hainbat ekitaldi. COVID-19 kasuak izan ziren, eguraldia ere ez zen oso fin aritu… Hori horrela, kale-antzerki jaialdian antolatutakoak publiko familiarrarentzat, mota askotarikoak, eta kalean egingo direnak dira, antzokitik ateratakoak. Hain zuzen ere, horren alde egin dugu, eta funtzionatuko duten aurreikuspenaz gaude", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak.

Eguraldi txarra bada, B planak

Ikuskizunen egunetan eguraldi txarra egiten badu leku aldaketak egingo dituztela jakinarazi du Eskoriatzako Udalak: hala, Turisteatzen ikuskizuna Zaldibar antzokian egingo da, Gazte dantza ikuskizuna Manuel Muñoz kiroldegian egingo da eta Legea gu gara, berriz, Joseba Iñurrategi pilotalekuan izango da. "Ikuskizun bakoitzak bere beharrak ditu, eta horregatik hartu dugu horrelako erabakia. Dena den, eguraldi ona bada, dagozkien plazetan egingo dira. Horren harira, aulkietan eserita ikusi beharko dira saioak, eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Gutxi gorabehera, 150 eserleku izango dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak