Taxi partekatu zerbitzua, proba pilotu gisa

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 23a, 12:26

Datorren irailaren 27an hasiko da taxi partekatuaren zerbitzu pilotua Eskoriatzan. Azaroaren 28ra arte iraungo duen zerbitzu honek udalerriko elizateak hirigunearekin lotuko ditu eta bi euroko kostua izango du bidaia bakoitzeko.

Martitzenean egin zuten aurkezpena elizate ezberdinetako zenbait bizilagunek, Eskoriatzako Elizateen Elkarteko Leire San Vicente bozeramaileak, Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak, Migel Jaenike, Vic Viveros de Iniciativas, berrikuntza hiritarrean adituak, eta Ander Iturri Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko zuzendariak.

Apotzagako auzo-lokalean taxi zerbitzuaren berri ematen.

Taxi partekatuko zerbitzu pilotuak Eskoriatzako elizateak (Marin, Marulanda, Zarimutz, Mazmela, Apotzaga, Bolibar, Lete, Gellao eta Mendiola) Eskoriatzako herri gunearekin lotuko ditu. Gainera, Gellaorako eta Mendiolako zerbitzuek geltokia izango dute Aretxabaletan. Konexioak egunero izango dira (domeka eta jaiegunetan izan ezik), goizean behin jaitsiko da elizateetatik herrigunera eta arratsaldean behin igoko da herrigunetik elizateetara. Egubakoitzetan eta zapatutan bigarren igoera bat ere egingo du gaueko azken orduan.

Bidaia bakoitzeko bi euro

Joan etorriek elizateetako biztanleen eguneroko eskari gehienak (momentuz) asetzen dituzte, hala nola, lanerako eta ikastetxeetarako mugikortasuna, gaueko aisialdia eta larunbateko merkataritza-ordutegia. Erabiltzaileak 2 euro ordaindu beharko du bidaia bakoitzeko, eta geltokitik aparteko tokiren batean hartu edo utzi nahi izanez gero, beste 2 euroko ordaindu beharko dira. Behin bidaia eginda, erabiltzaileak ebaluazio orri bat bete beharko du.

Partekatutako taxien ordutegiak ekainean elizetateetako biztanleei egindako inkesten emaitzen arabera diseinatu dira. Zerbitzua herriko lau taxilarik emango dute, eta 11 biztanlegune lotuko dituzte, astelehenetik zapatura, bi udalerritan. [Hona hemen taxien ordutegiak]

Bi hilabeteko iraupena

Zerbitzu pilotuak bi hilabeteko iraupena izango du, eta elizateetako eta herriguneetako biztanleen eskariak, ordutegiak eta desplazamenduaren arrazoia aztertzeko balioko du. Hala, eskarien eta beharren arabera, astetik astera ordutegiak egokitu daitezke. Horrek proba bezala balioko du ondorioak ateratzeko, egun dagoen autobus zerbitzuaren osagarri litzatekeen taxi-zerbitzu partekatua jartzera begira.

Taxi partekatuaren zerbitzu pilotuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren finantzaketa eta laguntza instituzionala du, eta La Caixa Fundazioak Landa Eremuko Gizarte Ekintza 2020 programan finantzatutako Debagoieneko Eskualdeko Landa Mugikortasun inklusiboa proiektuaren barruan kokatzen da.

Oinarrizko datuak

Noiz: 2021eko irailaren 27tik, astelehena, azaroaren 28ra.
Geltokiak: Marín, Marulanda, Zarimutz, Mazmela, Apotzaga, Bolibar, Lete, Gellao eta Mendiolako elizateak eta Eskoriatzako eta Aretxabaletako (bakarrik Gellaorekin eta Mendiolarekin lotzeko) herriguneak.

Proba pilotua izatean, astetik astera ordutegiak egokitzeko malgutasunez jokatuko dute (erabiltzaileen eta erabiltzaile potentzialen eskaerak kontutan izanda. Horretarako [ebaluazio orri] bat egongo da eskuragarri. Asmoa da, bi hilabete hauetan zehar ahalik eta taxi zerbitzu eraginkor eta bideragarriena perfilatzea. Hala, zerbitzua iraunkorragoa bilakatzeko urratsak emateko.

Harremanetarako telefonoa: 621 29 28 00

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak