Bi auzoren arteko elkarlanetik sortutako asteburu kulturala

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 9a, 18:55

San Pedro eta Intxaurtxuetako auzotarrek asteburu kulturala prestatu dute. Egitaraua zabala antolatu dute, orotariko proposamenekin, eta, bertara joatera animatzeaz batera, neurriak errespetatzeko eskatu dute antolatzaileek.

2019an, auzolana bultzatuz berreskuratu zituzten 2001ean azkenengoz egin ziren San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaiak; herritarren artean San Pedro Txiki jaiak moduan ezagunagoak diren festak. Hala, konpromiso sendoa agertu zuten bi auzoetako bizilagunek jaiak antolatzeko, eta, iaz egin ezin zirenez, aste bukaera honetarako prestatu dute adin guztiei zuzendutako ekintza mordoa, jaiak bere horretan izan beharrean asteburu kulturala izena ezarrita programari.

Partxis plazan jarritako karpan izango dira hitzordu gehienak, neurriak hartuta

Egubakoitzean, txupina botata hasiko dira ospakizunak, eta horren ostean, buruhandiak izango dira txikienentzako, eta ondoren, Irulitxa fanfarreaz eta Duo Imperial taldeen musikaz gozatzeko aukera izango da. Zapatuan eta domekan ere izango dira egun osoan ekintza ugari. Hona hemen egitaraua:

Kirol elkartekoen aurkezpena

Domekan, 13:00etan, Eskoriatza Kirol Elkarteko taldeek 2021/2022 denboraldian izango duten kamiseta berrien aurkezpena egingo dute San Pedro eta Intxaurtxuetako asteburu kulturalaren barruan. Ikerra eta Hemen Garbiketak enpresak izango dira Eskoriatza Kirol Elkartearen babesle berriak, eta horien ordezkariak areto futboleko eta saskibaloi taldeetako zenbait jokalarirekin argazkiak egingo dituzte Manuel Muñoz kiroldegian.

Eskoriatza Kirol Elkartearen 2021-2022 denboraldiko kamisetak.

Erantzukizuna eskatu dute

Eskoriatzako Udalak arduraz jokatzeko eskatu eta arauei kasu egiteko eskatu die herritarrei: "Pandemia hasi zenetik, Eskoriatzako Udalak edo herriko elkarteek antolatutako hainbat kultura ekitaldi egin dira; betiere, indarrean dauden neurriak errespetatuz eta ingurune seguruak bultzatuz. Ekainean, adibidez, EskoZapek antolatutako jaia ospatu zen, eta Udalak parte hartu zuen. Eskoriatzan bezala inguruko herrietan antolatutako ekitaldiek izan duten harrera ona ikusita, San Pedro eta Intxaurtxuetako Jai Batzordea ohiko formatuak aldatzera animatu da, egungo egoerara egokitzeko, eta une oro ziurtatu du betetzen direla COVID-19aren aurkako protokoloak eta indarrean dagoen araudia. Hala, asteburu honetan emanaldi guztiak karpan egingo dira, eta jendea eserita egongo da ikuskizuna ikusten, maskara jarrita. Edukiera bat ere egongo da, bete arte. Gaur, 00:00etan amaituko da dena; eta zapatuan, 23:00ak baino lehen. Bakoitzaren erantzukizuna eskatzen dugu; izan ere, urte eta erdi daramagu pandemiarekin, eta denok dakigu zer egin daitekeen eta zer ez. Espero dugu auzotar guztiek arduraz gozatzea asteburu honetan eta datozenetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak