Kickboxing borrokaldiak egin dituzte gaur Eskoriatzan Atama Elkarteak antolatuta. 48 borrokalari elkartu dira; erdiak tatamian lehiatu dira eta beste erdiak ring-ean.
Tatamia & Ring-a
"Tatamian indarraren %70a erabili behar da, eta ring-ean, aldiz, %100a erabil dezakezu", azaldu du Atama elkarteko arduradun Rafa Carrietek. Nolabait esatearren, tatamia ring-era igo aurretik egiten den pausoa dela azaldu du Carrietek. Tatamian teknika, abiadura eta kontrola kontuan hartzen dute; ring-ean baita, baina indar muga barik.
Gaurkoa, lehiaketa irekia izan da: hau da, ez da irabazlerik egon eta ez dituzte saririk banatu. "Ranking pertsonalerako balio duen lehiaketa da", dio Carrietek. Atama elkarteko hiru borrokalarik parte hartu dute eta hiruek galdu dituzte euren borrokak. Jon Garciak Brais Sanchezen aurka galdu du; Abdelah Rachidik Leoren aurka; eta, Leire Ratok Irisen aurka.
Atama taldeko borrokalariak
Leire Rato: "Uste dut hobeto borrokatu dudala eta irabaztea merezi nuela, baina ez da hola izan. Hala ere, gustura nago egindako lanarekin. Orain, atsedena hartuko dut eta irailean bueltatuko naiz berriro ere borroketara. Denboraldiaren balorazio ona egiten dut".
Adelah Rachidi arrasatearrak Atama taldean parte hartzen du. Gaurkoan, min hartuta utzi behar izan du borrokaldia: "Min hartu dut: nahi izanez gero jarraitzeko moduan nengoen, baina nahiago izan dut zaintzea".
Jon Garcia eskoriatzarra: "Gustura geratu naiz nahiz eta borrokaldia galdu. Etxean lehiatzea polita izan da, nabaritu dut etxekoen babesa. Orain atsedena hartuko dut".
Gustura lehiaketak eman duenarekin
Rafa Carriet gustura zegoen lehiaketak emandakoarekin: "Pandemia ostean ikusleekin egin den lehenengo borrokaldia izan da. Pozik gaude emaitzarekin. Borrokalariek ez dute minik hartu, ikusleek ondo erantzun dute eta borrokalariek maila ona eman dute".
Ikusle bereziak
Ikusleen artean Europako bi txapeldun egon dira: Kerman Lejarraga eta John Carter.