Sorgin-ehiza, umoretik landuta, era ausartean

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 13a, 18:38

Eskoriatzako Ausartak antzerki taldeak lan berria estreinatuko du hilaren 22an, Zaldibar antzokian. Hala ere, maiatzaren 23an eta ekainaren 5ean ere izango da aukera Las brujas se salem lana ikusteko. Sarrerak kiroldegian daude salgai.

Beste ikuskizun batzuetan egin izan duten moduan, emakumeen errebindikaziotik eta umoretik landuta beste antzezlan batekin dator Eskoriatzako Ausartak antzerki taldea. Kasu honetan, gainera, obraren izenbururako erabili duten hitz-jokoak argi uzten du emakumezko horiek antzerki honetan izango duten saltsa eta jorratuko duten gaia zein izango den. Izan ere, Las brujas se salem izenburupean aurkeztuko dute lan berria, eta estreinaldirako ilusioz daude, herrian antzezten dutenean arrakasta izugarria izaten baita. Hori aurreikusita, hiru saio eskainiko dituzte Eskoriatzan.

Lan berriaren hiru saio herrian

Hilaren 22an, zapatua, 19:00etan izango da estreinaldia, Zaldibar antzokian, eta asteburu horretan beste saio bat ere eskainiko dute: hurrengo egunean, ordu eta leku berean. Horrekin batera, ekainaren 5ean ere eskainiko dute beste saio bat.

Sarrerak salgai daude, bost eurotan, Manuel Muñoz kiroldegian, eta, jendea animatzeko eta ikuskizunera joateko aukera izateko, lehenbailehen erosteko dei egin gura izan dute antzerki taldeko kideek.

Geldiuneari erantzun ausarta

"Herrian estreinatuko dugu lan berria, beti egin izan dugun moduan. Eskoriatzan arrakasta handia izaten dugu, eta, hasiberriak garen arren, herritarrek egiten duguna gustuko dutela dirudi", adierazi du Ausartak antzerki taldeko Mari Carmen Fernandezek. "Duela hiru urte prestatu genuen antzezlana da, baina alde batera utzi genuen; gero, pandemia ere etorri zen… Hala ere, lana berrartu dugu, eta ondo landu. Maskarekin aritu gara entseatzen, eta, Ausartak taldea zazpi kidez osatuta dagoen arren, Zaldibar antzokiko oholtza gainean sei emakume arituko gara antzezten. Bizi dugun egoera gogorraren aurrean, herritarrak dibertitzen saiatuko gara, eta ea gustukoa izaten den".

"Emakume bat desberdina, azkarra, askea eta ausarta denean, sorgina deitzen diote. Kritikatu nahi badute, kritika dezatela; guk esaten dugun moduan, estamos que nos salimos, eta esamolde honi erreferentzia eginez igoko gara taula gainera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak