Norgehiagoka oso bizia eta erritmo altukoa jokatu dute Eskoriatza Kirol Elkarteak eta Pasaiako Afantxo taldeek Manuel Muñoz kiroldegian, eta azkenean, saria, etxeko taldearentzat izan da 4-1eko markagailuarekin urrezko hiru puntu lortu dituzte-eta debagoiendarrek.
Neurketa bikain hasi du Eskoriatzak Afantxoko defentsari presio altua eginez, baina Pasaiako taldeak ondo mugitu du baloia eta apurka, aukera garbiak sortzen hasi da. Hala ere, Eskoriatzako atezainak gelditu ikusgarriak eta erabakigarriak egin ditu jaurtitzen zioten guztia desbideratuz. Afantxok erasoan murgilduta jarraitu du, eta 8. minutuan, azkenik, baloia sareetara bidaltzea lortu dute markagailuan aurrea hartuz.
Etxeko taldearen erantzun azkarra etorri da orduan, 0-1ekoarekin, jokaldi bikaina burutu dute-eta Iker Molinaren mutilek 1-1ekoa ezartzeko. Partidako erritmoak ederra izaten jarraitu du, eta atsedenaldia heltzeko minutu bat falta zelarik, Debagoieneko taldeak 2-1ekoa jarri du markagailuan.
Bigarren zatian, Eskoriatzak atezaina aldatu du, eta lehenengo zatian geldituak erabakigarriak izan badira, bigarrenean ere sekulako maila erakutsi du ate azpian etxeko jokalariak. Izan ere, Afantxok aukera ugari sortu ditu berdinketaren golaren bila –bizpahiru jaurtiketa zutoinera bidali dituzte–. Baina Iker Molinaren mutilek efikazia izan dute lagun gaurkoan, eta bigarren zatiko 13. minutuan, 3-1ekoa ezarri dute markagailuan. Azken 4-1ekoa estrategia jokaldi eder bati esker eskuratu du Eskoriatzak.