Parte hartzaileen liburu gustukoen pasarteen irakurketa, musikarekin

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 15a, 18:57

Literatura juntaixe egitasmoa izango da egubakoitzean, Eskoriatzako Zaldibar antzokian, 19:00etan. Zenbait herritarrek euren liburu gustukoen pasarteak irakurriko dituzte, eta, gainera, musikaz lagunduta egongo da irakurketa saioa.

Eskoriatzako bibliotekak irakurzaletasuna sustatzea izanda helburu nagusia, ez da lehenengo aldia Literatura juntaixe egitasmoa antolatzen dutena herrian. Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna izanda, horren baitan antolatutako ekintzan, liburu gomendioak emango dituzte egitasmora batu diren herritarrek, eta, bide batez, euren gustuko pasarteak irakurriko dituzte, zuzeneko musikaz lagunduta egongo den ekitaldian. Hala, Literatura juntaixe egubakoitzean izango da, 19:00etan, Zaldibar antzokian, eta bertara joateko gonbidapena jaso beharko da, nahitaez, edukiera neurriak betetze aldera.

Genero askotako pasarteak

Hainbat herritarrek eman dute izena Literatura juntaixe egitasmoan, eta norbanako bakoitzak liburu baten pasarte bat irakurriko du. Parte hartzaileak honako hauek izango dira: Jon Errasti, Jaione Fernandez de Jauregui, Txaro Julian eta Arantzazu Loidi. Hala, euren irakurketekin, iritziak, gustuak, sentsazioak, eta abar konpartitzeko aukera izango dute, ekitaldira animatzen diren herritarren aurrean. Gainera, Beñat Arrieta eta Gari Barandiaran arituko dira zuzeneko musika jartzen, eta saioa gidatzen, berriz, Dorleta Kortazar eskoriatzarra arituko da.

LAU HERRITARREK JARDUNGO DUTE EUREN GUSTUKO PASARTEAK IRAKURTZEN

"Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan, Eskoriatzan antolatu dugun egitarauari hasiera emateko ekitaldia izango da. Azken urteetako ohiturari jarraiki, Literatura juntaixe egingo dugu liburu eta musika artean, Zaldibar antzokian. Ekitaldi xumea izango da, eta hasiera batean bost irakurle izan behar ziren arren, lau izango dira, azkenean, oholtzan", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Kultura teknikariak. Literatura ardatz izango duen hitzordura begira, egingo diren irakurketen gainean aurreratze aldera, poesiak bere tartea izango duela nabarmendu du Unzuetak: "Parte-hartzaile batek Xabier Leteren poesia zati bat irakurriko digu. Beste batek, aldiz, Alfonsina Storni poetaren lanaren zati bat…".

BEÑAT ARRIETA ETA GARI BARANDIARAN ARITUKO DIRA ZUZENEKO MUSIKAZ EKITALDIA GIROTZEN

Ordubeteko saioa izango da, eta Zaldibar antzokira gerturatu gura duenak gonbidapena eskatu beharko du; horretarako, bibliotekara deitu daiteke, 943 71 31 35 telefono zenbakira, whatsapp-a bidali 674 11 19 55 zenbakira, edo bibliotekatik pasa. Edukiera mugatua izango da, eta 60 lagunendako lekua izanda, gehienez.

Liburu azoka eta hitzaldiak

Literatura juntaixe ekitaldiaz gain, apirilaren 19tik aurrera liburu azoka txikia egongo da bibliotekan, eta liburu aukera handia izango da bertan. Hala, jarriko duten liburu bakoitza euro baten truke erosi ahal izango da.

Literaturaren Nazioarteko Eguneko ekintzekin jarraituz, hilaren 23an, Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu lehiaketaren sari banaketa egingo da Zaldibar antzokian, 18:30an, eta, amaitzean, Asisko Urmenetak Sorgin ehiza Euskal Herrian XVI. eta XVII. mendeetan hitzaldia eskainiko du. Apirilaren 24an, zapatuan, berriz, Jakoba Errekondo Balkoiko loreak liburuaren aurkezpena egiten izango da Ibarraundi museoan, 11:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak