Eskoriatzak ezin izan du Sasikoa garaitu (3-3)

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko ots. 2a, 13:00

Garaipena eskuetan izan du Debagoieneko taldeak, baina norgehiagokako azken txanpan berdinketaren gola erdietsi du Durangoko Sasikoa taldeak. Hala ere, lidergoari eutsiko dio Eskoriatzak, Gasteizko Aurrerak ere berdinketa lortu baitu.

Intentsitate eta tentsio handiko partida jokatu du Eskoriatzak Durangoko Sasikoa taldearen aurka Manuel Muñoz kiroldegian, eta Iker Molinaren mutilek puntu bakarra lortu dute 3-3ko berdinketarekin. Nazional Ligako Hirugarren Mailako sailkapeneko gorenean jarraitzen dute debagoiendarrek, Gasteizko Aurrera taldeak, bigarren sailkatuak, berdinekta ere erdietsi duelako jardunaldi honetan.

Norgehiagoka maldan gora jarri zaio Eskoriatzari Sasikoak 0-1ekoa jarri baitu markagailuan, baina etxekoen erantzuna bikaina izan da, eta Imanol Sanchezek 1-1ekoa lortu du. Kantxan nagusi sentitzen hasi dira Iker Molinaren jokalariak, eta erasoko jokaldiak ondo kateatu ostean Jokin Rallok 2-1ekoa ezarri du Manuel Muñozeko markagailuan. Hala ere, Sasikoak erasoan kalitate handia duela erakutsi du lehen zatiko azken minutuetan, eta atsedenaldia gertu zegoela lortu dute berdinketaren gola, aldaratze bati esker (2-2). Atsedenaldia heldu aurreko minutuetan erasoan sakatu egin du Durangoko taldeak, baina etxekoek tinko eutsi dute defentsan.

Bigarren zatian bizi izan dituzte bi taldeek tentsioa eta intentsitatea. Izan ere, defentsak ondo sendotu, eta erasoan makal ibili dira bi taldeak, eta akatsak ekiditea bilatu dute argi eta garbi. Hala ere, Eskoriatza erasora gehiago animatzen joan da pixkanaka, eta Sasikoak kontraerasoak bilatu ditu, baloi luzeekin. Kontraeraso horietako baten aukera argia izan dute Durangokoek, baina baloia langara jaurti dute. Bigarren zatiko 7. minutuan, beste abagune argia izan dute bizkaitarrek, baina Eskoriatzako atezaina bikain aritu da, gelditu erabakigarriak eginez.

Bigarren zatiko 9. minutuan erdietsi dute etxekoek 3-2koa. Bakarkako jokaldi polita egin du Kimetz Zabalak ezker hegaletik eta erortzen zebilela hanka luzatu eta baloia sareetara bidali du markagailuan aurrea hartuz. 3-2koarekin debagoiendarrek markagailuko aldea handitzeko bi aukera oso argi izan dituzte, baina ez dituzte horiek baliatu, eta Sasikoa erasoan murgildu atezain-jokalari estrategia baliatuta, erasoko jokaldietan atezaina jokalari batekin ordezkatzen, alegia. Sekulako mina egin dio estrategia horrek etxeko taldeari, eta Durangokoek 3-3koa lortu dute amaierarako 1:40 gelditzen zelarik.

Azken minutuan ere atezain-jokalari estrategia erabili du Sasikoak eta Eskoriatzak erruz sufritu du berdinketa eskuratzeko. Azken jokaldietan bikain aritu da atezain eskoriatzarra geldiketa erabakigarriak eginez.

 

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak