Kantxakoa zuzenean jarraitzeko bidea dago

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 14a, 18:21

Eskoriatza Kirol Elkarteko partiduak streaming bidez jarraitzeko aukera eskaintzen dute Omar Martin eta Andoni Moto eskoriatzarrek. Proiektuarekin ilusionatuta, orain arte egindakoak hobetzen eta gauza berriak egiten hasi nahiko lukete.

Harmailak hutsik egon arren, Manuel Muñoz kiroldegian jokatzen diren partiduak etxetik zuzenean edo edozein lekutatik gailu batekin –ordenagailuarekin, tabletarekin edo mugikorrarekin– jarraitzeko aukera eskaintzen dute Omar Martin eta Andoni Moto Eskoriatza Kirol Elkarteko kideek, elkarteko zuzendaritzaren onespenarekin.

Youtube plataforman Eskoriatza KE orrialdean emititzen dituzte asteburuetako partiduak. Markagailuarekin, errotuluekin eta bestelako ezaugarriekin osatuta, poliki-poliki fintzen ari dira gauzak, eta ilusioz hartu duten proiektua dela adierazi dute egitasmoaren bultzatzaileek.

Eskoriatzako zaleak mimatu

"Pandemia iritsi berri, streaming-a egiteko ideia martxoan sortu zitzaigun, eta areto futboleko Euskal Kopa jokatu zen asteburuan hasi ginen proiektu honekin. Azken urteetan, hazi egin da Manuel Muñoz kiroldegiko zale kopurua, eta harmailak beteta izan ditugu zenbait jardunalditan. Hori ikusita, gaur-gaurkoz, ateak itxita edo zale barik jokatzen ari direnez, partiduak etxetik jarraitzeko aukera eskaintzen dugu, eta harrera oso ona izan du, gainera", adierazi du Eskoriatza Kirol Elkarteko Andoni Motok.

Akatsak zuzentzeko modua

"Zaleei zuzendutako egitasmoa bada ere, grabatutako partiduak oso-osorik gordetzen dituzte, eta gero, taldeek horiek baliatzen dituzte, aztertu eta egindako akatsak ikusi, hobetu eta aurrera begirako jokaldiak prestatzeko, bide batez.

Berrikuntzak ezartzen

Oraingoz, maila nazionalean ari den Eskoriatza areto futbol taldearen partiduak ari dira grabatu eta zuzenean emititzen asteburuetan, baina asmoa kirol elkartea osatzen duten kirol modalitate guztien saioak egitea dela adierazi du Andoni Motok. "Une honetako helburua hori da. Interneteko tutorialak ikusiz ikasten ari gara, eta etxean dugun materialarekin moldatzen gara, nolabait. Gustura ari gara proiektuarekin, eta gauza berriak probatzen ere hasi gara. Esaterako, markagailu berria jarri dugu, irudiak ere baditugu atsedenaldian emititzeko, chroma bat jartzea ere badugu buruan taldekideen aurkezpenak egiteko, eta babesletza lortzea ere badugu buruan. Horrekin batera, partidu osteko adierazpenak egiten hasi nahiko genuke, eta, norbait esatari lanetan hasteko gertu egongo balitz, izugarria izango litzateke, baina, esan bezala, poliki-poliki".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak