ALBISTEAK

Asun Garai: "Adinekoengandik hasi behar du aldaketak"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 27a, 09:46

Asun Garai eskoriatzarra norbanako gisa ari da parte hartzen Euskaraldian. Duela bi urte moduan, ahobizi rola aukeratuta, egitasmoarekin bat egiten du, eta beharrezkoa ikusten du, gainera, halako egitasmoak egitea. Aurtengo ariketaren helburu nagusia, berriz, herritarren kontzientziak aldatzea dela uste du, betiere, nork bere ohituretan eraginez. Adinekoek izan behar dutela eredu argi eta garbi dauka, gazteek hortik ikas dezaten.

Euskaraldia egitasmoa zer iruditzen zaizu? Beharrezkoa da?

Oso ondo dago Euskaraldia; hala, jendea konturatzeko egiten dituen akatsez. Hau da, jendeak erraztasuna du erdarara aldatzeko, eta hori aldatu beharra ikusten dut. Hala ere, aurten, herritar gutxiagok eman dute izena, egoera ere ez delako normala, eta kaleak hutsik daude. Honen aurrean, ez da erraza ariketa gauzatzea, kalean ez dagoelako jenderik. Nire kasuan, nire amahizkuntza euskara da, eta gure etxean ez da erdararik erabiltzen, ez dugu ohitura hori. Hala ere, kalera irtetean aldatu egiten da, eta hor eragin behar dugu.

Non dago gakoa?

Adineko jendea ez gara askorik saiatzen euskaraz, orokorrean, eta gazteek helduengandik ikasten dute; horrenbestez, hor ikusten dut egin behar dela lanketa. Herritarrek mentalitatea aldatu behar dute.

Eskoriatzaren kasuan, herri euskalduna dela esango zenuke?

Euskalduna bai, baina euskaraz egiten duen herria dela asko esatea da. Asko jaitsi da erabilera Eskoriatzan; lehenago askoz gehiago erabiltzen zen irudipena dut. Horrekin batera, gure euskalkia ere hor dago, pixkanaka galtzen ari dena. Aspaldiko hitz zaharrak asko gustatzen zaizkit niri, eta gure etxean oraindik erabiltzen ditugu. Esaterako: tximistari iñustargixa esaten diogu; kazo bati, berriz, burduntzalixe; eta mendiko iturrietan dauden basoei, txoleta… Hauek dira orain burura etortzen zaizkidanak, baina asko ditugu. Gutxi erabiltzen diren arren, jendeak interesa badu aspaldiko hitzetan, eta horiek ez galtzeko ere egin beharko genuke lan.

Eskoriatzar euskaldun zaharra izanda, zein da zure erronka Euskaraldiko hamabost egunetarako?

Nik argi daukat, nire lehenengo hitza euskaraz izango da Euskaraldiko egunetan, aurrera begira, herrian bertan, eta hemendik irtenda ere. Bilobei ere hori esaten diet: "Lehen hitza egin esazue euskaraz, eta kuadrillan ere egin ezazue euskaraz". Bestela, galtzen joango da. Horrez gain, ez zait batere gustatzen esatea euskaldunak edo ez euskaldunak. Nik, askotan, euskaraz egiten dut lagunartean, eta batek erdaraz erantzun didanean, nik euskaraz jarraitzen dut, eta, berak euskaraz jakin arren, erdaraz jarraitzen du… bietako batek amore eman arte. Helduok eman behar dugu eredua, hori garbi daukat, baina, horretarako, guztiok hizkuntza ohiturak aldatu behar ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak